Sarebide proiektua Baluarten aurkeztu dute gaur, Navarrefa azokan, Europako Interreg POCTEFA programaren laguntza jasotzen duten beste hainbat egitasmorekin batera. Euskalerria Irratia, BERRIA, Euskal Irratiak, Hamaika Telebista eta Kanaldude hedabideek osatzen dute Sarebide proiektua. Elhuyar Fundazioarekin lankidetzan, euskarazko hedabideen ekosistema indartzea eta haien edukiak publiko zabalagoengana iristea dira ekinbidearen erronkak.
Hiru lan-ildo zehatz garatuko dituzte. Lehenak komunikabideen azpiegitura teknologikoak hobetzea du xede, zerbitzariak eta edukiak partekatzeko sistemak garatuz. Bigarrenak plataforma digital berriak sortzea aurreikusten du. Batetik, ikus-entzunezko edukiak modu bateratuan eskaintzeko plataforma bat garatuko dute. Bestetik, Badok.eus zenaren webgunea berrituko dute, euskarazko musika entzuteko streaming sistema eta informazio eguneratua eskainiko dituen plataforma bihurtzeko. Musika Berria deituko da BERRIA egunkariaren euskal musikaren atari berrituak.
Hirugarren lan-ildoa adimen artifizialarekin lotuta dago. Elhuyarren Orai NLP zentroaren laguntzarekin, kazetaritza-lana errazteko eta hobetzeko tresnak garatu nahi dituzte: transkripzioak, itzulpenetarako laguntza, laburpen automatikoak, albisteen kalitatea aztertzeko sistemak eta galdera-erantzunen bidez edukiak bilatzeko baliabideak, besteak beste.
Proiektuak 2,6 milioi euroko aurrekontua du, eta Europako Batasunak %65 finantzatuko du POCTEFA programaren bidez. 2025eko maiatzean hasi zen eta 2028ko maiatzera arte luzatuko da. Egutegiaren arabera, zerbitzarien azpiegitura 2027ko hasieran martxan jartzea aurreikusten dute; ikus-entzunezko plataforma udaberrian garatzen hastea aurreikusten da.
Sarebidek Euskalerria Irratiaren eraldaketa teknologikoan ere eragina izan du. Irratiak egoitza berria eta 80 metro koadroko ikus-entzunezko estudioa ditu, sei kamera digitalekin eta sei metroko LED pantailarekin. Bideo-podcastak eta Visual Radio delakoa ekoizteko baliabideak ere baditu. Proiektuaren bidez, soinu-kontsola berriak eskuratu eta estudioaren egokitzapen akustikoa hobetzeko aukera izan du.