Carlos Vilches: "Boto baliagarriak garrantzi handia izanen du hauteskunde hauetan"

Euskalerria irratia

Sare sozialen eragina, boto baliagarriaren mugimenduak eta eskuinaren gorakada izango dira hauteskundeen gakoetako batzuk. Carlos Vilches soziologoaren arabera, azken egunetan boto-aldaketak gertatzeko aukera dago oraindik, baina inkestek eskuinak gobernua osatzeko aukera aurreikusten dute.

Hauteskunde kanpainak erabat aldatu dira azken urteotan, jada ez dira hamabost eguneko kontua, urte osora zabaltzen baitira, eta horrek nekea eragiten du hautesleengan zein hautagai politikoengan, hala pentsatzen du behintzat Carlos Vilches soziologoak. 

Vilchesek, gainera, gaur egungo gizartearen bilakaerari buruzko kezka agertu du. «Neoliberalismo basatiaren garai honetan gauza asko aldatu dira, eta errespeturik gabeko gizarte batean bizi gara». Haren iritziz, errespetua galdu da arlo guztietan, baita politikagintzan ere. «Ikusten ditugun diskurtso lotsagabeek eta gezurrek gaur egungo gizartea ongi islatzen dute». Horren aurrean, errespetua berreskuratzeko beharra aldarrikatu du.

Hauteskunde hauetara gehitu den elementu interesgarri baten berri eman digu Vilchesek:  tracking edo jarraipen-inkestak dira. Ameriketako Estatu Batuetan erabiltzen den neurketa-sistema horrek egunero jasotzen ditu datuak, eta, horri esker, botoaren bilakaera gertutik jarrai daiteke. Ohiko inkestek une jakin bateko argazkia eskaintzen duten bitartean, jarraipen-inkestek aldaketen zergatia antzemateko aukera ematen dute.

Inkestak interpretatzeko orduan, datuak kontuz aztertzea gomendatu du soziologoak. Nafarroan bost eserleku daude jokoan, eta boto gutxiren aldeak eserlekuen banaketan eragina izan dezake. Tracking hori esker, jakin da, besteak beste, PSOEren botoan azken bost egunetan izandako bi puntuko galera; boto horren zati bat Voxera joan da. Vilchesen ustez, horrelako mugimenduak pentsaezinak ziren duela urte batzuk, baina "gizartearen desideologizazioak eta printzipio sakonen galerak aldaketak errazten dituzte".

Inkestetan, gainera, herritar guztiek ez dute boto-asmoa argi adierazten. Batzuek oraindik ez dutela erabaki erantzuten dute; beste batzuek, berriz, ez dute esan nahi zein alderdiren alde egingo duten. Vilchesen arabera, kanpainaren arabera, boto-emaileen %10 inguruk botoa aldatzeko aukera izan dezake.

Voxen hauteslearen profila ez dagoela behar bezainbeste aztertuta azaldu du Vilchesek. Estatu mailako datuei erreparatuta, militarrak, poliziak eta ikasketa gutxiago dituzten pertsonak agertzen dira hautesle-profil nagusien artean. Kanpainaren hasieran, gazte asko ere hurbildu dira alderdi horretara, batez ere mutilak; hala ere, badirudi gazteen artean PPra jotzeko joera ere badagoela. Hala, egoera politikoari dagokionez, gaur egungo datuek eskuineko gobernu bat osatzeko aukera erakusten dutela azaldu du, eta eszenatoki hori pixkanaka indartzen ari dela.

Nafarroako panorama

Nafarroako hauteskundeen emaitzak ezin dira zuzenean Espainiako estatuko joerekin alderatu, Vilchesen arabera. Azken CISen inkestak ez du aldaketa handirik aurreikusten, eta arreta berezia jarri du Voxek eserlekua lortuko duen ala ez. Inkestetan, oraingoz, ez zaio eserlekurik aurreikusten; EH Bilduri, berriz, eserleku bat ematen diote ikerketa gehienek.

Nafarroako berezitasun politikoak kontuan hartzea ezinbestekoa dela dio. «Hainbeste desberdintasun daude Nafarroan, ezen ezin baitira Estatuko hauteskundeetako datuak zuzenean aplikatu».

Udal-hauteskundeak ere bestelako errealitatea direla nabarmendu du. Herrietan, herritarren eta alkateen arteko harremanak eta esperientzia pertsonalek garrantzi handiagoa dute, eta, horregatik, ezin dira hauteskunde orokorretako parametro berberekin aztertu.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!