Bana agerraldi egin dute ikuskizunetako teknikariek; Gasteizen lehena, Iruñean bigarrena. Greba iragarri dute bigarrenez (lehena urriaren 10ean egin zuten) eta azaroaren 26 eta 27an eginen dute Hego Euskal Herrian. Dei egin diete ekitaldiak hitzartuta dituzten musikari, dantzari, antzerki konpainiei eta artistei, baina baita ikusle izanen diren publikoko herritarrei ere: egun horietan ez ditzaten gauzatu ekitaldiak. Eta deia erakundeei ere: "Deialdiak zuzenean interpelatzen ditu administrazio publikoak ere, haien lan taldeen eskubideak urratzen dituzten enpresak kontratatzen dituztelako. Ikuskizun bakoitzaren atzean, ekitaldi bakoitzaren atzean eskubiderik gabeko jendea ari delako beharrean et agero eta baldintza prekarioagoekin. horiek babesten segituko al dute udalek eta gobernuek?", adierazi du Irune Costa LAB sindikatuko zerbitzu pribatuetako arduradunak.
Negoziazio mahaiak osaturik daude, baina patronalak ez du aurrera pausorik eman 2023tik: "Enpresek etekina atera diote urteetan sektorea araurik gabe aritu delako eta lan-taldeen eskubideak modu sistematikoan urratzen segitzen dute", nabarmendu du Costak. Ostiralean, greba deiaren erregistroa egitearekin jaso zuten patronalaren deia eta bihar izanen dute negoziazio bilera: "Keinua da, baina aurrera pausuak behar ditugu", adierazi dute.
Mota guztietako ikuskizun eta ekitaldiei eraginen die grebak: kongresuak, kontzertuak eta kanpaina amaiera. Ikuskizun eta ekitaldietan ez parte hartzeko eskatzen ari dira, prekarietatea betikotzen laguntzea ekiditeko eta mobilizazioei ikusgarritasuna ez kentzeko.