Nafarroako etxebizitza krisiak hainbat faktore ditu atzean, eta ez da etxebizitza kopuruaren kontua soilik. Aritz Romeo zuzenbidean doktorea da eta egoera ultzertzeko zenbait gako eman dizkigu.
Azken urteotan biztanleria hazi egin da, bereziki Iruñerrian, eta gizartearen egiturak ere aldaketak izan ditu: familia txikiagoak, banantze gehiago eta pertsona bakarreko etxe gehiago. Horrek etxebizitza eskaera handitu du. Baina eraikuntza erritmoa ez da behar horretara egokitu. 2024an 1.887 etxebizitza amaitu ziren Nafarroan, aurreko urtean baino nabarmen gutxiago.
Lurzoruaren eskuragarritasuna eta prezioa ere arazoaren parte dira. Paperean etxebizitzak eraikitzeko lurzoru asko aurreikusita dagoen arren, horietako zati txiki bat baino ez dago eraikitzeko prest.
Alokairuaren egoera ere kezkagarria da. Etxebizitza babestua eskatzen dutenen kopurua 17.500 ingurukoa zen 2023an, eta ia 24.700era iritsi zen 2025ean. Aldi berean, etxebizitza babestu askok babes-araubidea galdu dute urteekin. Horri gehitu behar zaio Testa Residencialen kasua: Blackstoneri lotutako enpresak kudeatzen dituen Iruñeko eta inguruko 507 etxebizitzetan bizi diren familiek etxebizitzak hutsik utzi eta saltzeko asmoa salatu dute. Horrek agerian uzten du etxebizitza babestuen babesari eustearen garrantzia, baita etxebizitza eskuragarrien eskaintza galtzeko arriskua ere.
Azkenik, administrazioek hainbat neurri hartu dituzte egoerari aurre egiteko: babes ofizialeko etxebizitzen araubidea indartzea, alokairurako laguntzak, tentsiopeko eremuak eta etxebizitza publikoen eskaintza handitzeko ekimenak. Hala ere, neurri horien eraginkortasuna ebaluatzeko datu gehiago behar direla nabarmendu du Romeok.