Izaki Gardenak taldeak agur bira abiatu du, mugagabeko etenaldia hartzea erabaki dute taldekideek. Gaur, Totem aretoan izango dira 20:30etan eta azken bira honetako kontzertuan, eta aukera baliatuko dute orain arteko ibilbideari errepasoa egiteko.
Jon Basaguren taldeko kideak azaldu duenez, oraingo kontzertua azkenaldian egiten ari zirenetatik desberdina izango da. «Nostalgiko jarri gara, eta kantu batzuk berreskuratu ditugu; aspaldi jotzen ez ditugun abesti batzuk. Errepaso moduko bat izango da». Basagurenen hitzetan, «beti pentsatzen dugu jendearengan, baina guk ere gustura sentituko garen kontzertu bat egin nahi dugu, behartuta sentitu gabe».
Etenaldiaren aurrean, taldea «ondo» dagoela adierazi du musikariak, nahiz eta emozioak azalean dituzten. «Pixka bat emozionatuta gaude, baina gogotsu eta gustura», esan du. Ez da taldeak geldialdi bat egiten duen lehen aldia, baina oraingoan etenaldiak bestelako izaera duela dirudi. Izan ere, beste proiektu batzuetan jartzeko beharra eta gogoa sentitu dute, eta Izaki Gardenakekin oraingoz esateko eta proposatzeko zutena agortuta dagoela uste dute.
«Ez dakigu noiz edo nola bueltatuko garen, galdera horiek ez ditugu planteatu. Denborari utzi behar diogu bere lana egiten», azaldu du Basagurenek. Hala, ez dute itzulera baztertu, baina ez dute horretarako eperik edo planik zehaztu.
Etenaldiak, beraz, beste proiektu batzuei heltzeko aukera emango die. Basagurenek azaldu duenez, taldeak inplikazio handia eskatzen du, eta kideek denbora eta esfortzu handia eskaintzen diote. Orain, energia hori beste egitasmo batzuetara bideratu nahi dute: «Atsedenaldi bat izango da, baina beste lan batzuetan aritzeko tartea ere bai». Gaurko kontzertua, hortaz, agur esateko eta orain arteko bidea ospatzeko aukera izango da.