"Elizak ikertu nahi baditu bereganatutako ondasunak egin dezala, baina bere baliabideekin"

Euskalerria Irratia

Eliza katolikoak eskutitza idatzi dio Nafarroako Gobernuari egin nahi duen ikerketa lanerako finantzazioa eskatuz. Gainera, kexu da erakunde publikoetatik egiten ari diren lanaren berri ez dietelako ematen. Nafarroako Ondasunen Defentsarako Plataformako kideen ustez, entitate pribatua den aldetik eta interes publikorik gabeko lana egin nahi duten aldetik Elizak berak dituen baliabideak bideratu beharko lituzke ikerketarako ez diru-publikoa. 

Sorpresaz hartu dute Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataforman Nafarroako Eliza Katolikoak Nafarroako Gobernuari egin dion azken eskaera: finantzazio publikoa nahi du Elizak berak bere izenean jarritako ondasunen ikerketa lan bat osatzeko. Era berean, Eliza kexu da Nafarroako Gobernua toki entitateen bidez egiten ari den ikerketaren berri ez dutelako. Plataformak kritikatu du entitate pribatu horrek bere interesetarako ikerketa abiatu dezakeela, baina ez duela interes publikorik eta hortaz, diru publikorik ere ez dagokiola iruditzen zaie. Ez dira alderagarriak toki entitateak 2025etik egiten ari diren lana, interes publikoa duena eta Elizak egiten duena. "Elizak berak hala nahi badu iker dezala ondasunen aferan, baina entitate pribatua da eta baditu bere baliabideak. Horien bidez egin dezala nahi duena, badu eskubidea", adierazi du Cristina Contreras Ondasunen Defentsarako Plataformako kideak. 

Elizak bere egin zituen herriarenak ziren zenbait komunal beste inoren ikuskapenik gabe. Informazio hori badute eta beste behin gezurretan ari direla iruditzen zai. Andres Valentin Gonzalez plataformako kidea da: "Lotsagabeki gezurretan ari da afera honekin Eliza". Agian erraztuko luke Elizak bere izenean jarritakoen gainean duen informazioa ezagutzeak, baina "nork eskatuko lioke lapur bati egindako lapurreten inguruko informazioa?", ohartarazi du Gonzalezek. 

Oraingoz toki entitateek 108 ondasun aztertu ditu zantzuak izan ditzaketenak Elizak bereganatu baina herriarenak direnak. Ikerketak indarrean segitzen du oraindik. Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataforma lanean ari da salatuz Elizak bereak ez direnak bere bilakatu dituela. 20 urte beteko ditu heldu den urtean eta ekintzaz beteriko urtea izanen dela adierazi dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!