Iker Narbona (Etxebizitza Sindikatu Sozialista): “Batasuna ongi ateratzen da eduki politiko baten bueltan eraikitzen denean”

Euskalerria Irratia

Mobilizazioen arrakasta txalotu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kide Iker Narbonak EUskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan, eta gaineratu du atzoko egunak argi utzi zuela ez dela zertan aldarrikapenen edukia "lausotu" jarraipen zabala lortzeko.
Narbonak azpimarratu du atzoko mobilizazioak azkenaldian Hego Euskal Herrian izandako "jendetsuenak" izan zirela. Goizean 200.000 lagun inguru bildu ziren kalean —horietatik 25.000 Iruñean—, eta arratsaldean ere protestak "arrakastatsuak" izan ziren hiriburuan zein Sakanan, Baztanen, Mendialdean eta Tuteran. Aurreko asteetako batzar eta greba batzordeetan "milaka eta milaka pertsona" batu izana ere goraipatu du.

Sindikatuen arteko elkarlanaz mintzatzean, Narbonak adierazi du batasuna "eduki politiko baten bueltan" eraiki behar dela, eta ez siglen batasun soil batean. Bere iritziz, ez da zertan edukia "lausotu" jende gehiago erakartzeko; aitzitik, erroko aldaketak eta ardura politikoak seinalatu behar dira. Gauzak horrela, espekulatzaileen espropiazioa eta etxebizitza behar sozialen arabera planifikatzea jarri ditu ipar moduan.

Batzarretan sortutako oinarriarekin antolatzen segitzera dei egin du, errentistei aurre egiteko "langile klase antolatu bat" behar dela iritzita, aritmetika parlamentarioen esklabu bihurtu gabe.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!