"Pozik eta harro" agertu da ELAko Nafarroako koordinatzailea, "greba orokor oso potentea" egin eta biharamunean. Halaber, aurrekontuak aldatzeko eskatu die alderdi politikoei, Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan egin dituen adierazpenetan.
Pascualen arabera, Nafarroako Gobernuaren datu ofizialek berek erakusten dute atzoko jarraipena 2012an lan erreformaren aurka egindako greba historikoaren parekoa izan zela. Eskualdez eskualde, Mendialdean, Baztanen eta Sakanan erantzuna "sekulakoa" izan zela azpimarratu du. Erriberan “apalagoa” izan arren, eta Iruñerrian "jauzi bat" egin zela gaineratu du.
ELAren Nafarroako koordinatzailearen aburuz, grebak mezu argia helarazi die patronalari eta gobernuei: etxebizitza politikek porrot egin dutela, eta horrek "izugarrizko sufrimendu soziala" dakarrela. Gobernuei leporatu die "bankuen eta errentisten interesak jendearen behar sozialen gainetik" lehenestea.
Horregatik, Nafarroako Gobernuari eskumen osoak bereganatzeko eskatu dio, eta gogorarazi du egun ere foro exekutiboak badituela tresnak gehiago egiteko: "Eskumen nahikoak ditu etxebizitza politika bat egiteko, eta horren faltan sumatzen ari gara".
Sindikatuen arteko aliantzak goraipatzearekin batera, Nafarroako aurrekontuen negoziazioari begira jarri da Pascual: alderdiei eskatu die ondorioak atera eta kontuak aldatzeko, etxebizitzak pisu handiagoa izan dezan aurrekontuetan.