Osasun tratamentuak epeka ordaintzeko aholkatu du Irachek, diru galerak saihesteko

Euskalerria irratia

Los Arcos & Deprit hortz-klinikaren ustekabeko itxierak ehunka kaltetu utzi ditu Nafarroan. Urriaren 26an itxi zituen ateak enpresak, paziente askoren tratamenduak erdibidean utzita eta ordaindutako dirua berreskuratzeko ziurgabetasuna sortuta. Kaltetuek erreklamazioak aurkezteko epea, ordea, ostiral honetan amaituko da.

'Los Arcos & Deprit' hotz klinikaren Itxierak eragindako kaltetu kopurua handia da. IRACHE Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak Hotel Tres Reyesen antolatutako bilera informatiboan 500 pertsona baino gehiago bildu ziren, eta, gaur egun, 300 lagun inguru ari dira elkartearen laguntza jasotzen.

Maider Maiorak, IRACHEko ordezkariak, Euskalerria Irratian azaldu du kaltetuen egoera oso desberdina dela. Batzuek tratamendua aldez aurretik ordaindu baitzuten; beste batzuek, berriz, kreditu baten bidez edo hilero ordaintzeko finantzaketa-sistemaren bitartez.

Ordainketa egiteko erabilitako sistemak, gainera, eragin zuzena du dirua berreskuratzeko aukeretan. "Tratamendua zuzenean ordaindu dutenek zailtasun handiagoak izan ditzakete dirua berreskuratzeko, finantzaketa bidez ordaindu dutenekin alderatuta", aitortu du. 

Kreditu baten bidez finantzatutako tratamenduen kasuan, IRACHEren gomendioa dokumentazio guztia biltzea da: kontratuak, fakturak eta ordainketen egiaztagiriak, besteak beste. Dokumentazio hori enpresari eta administratzaile konkurtsalari bidali behar zaie, dagokion erreklamazioa egiteko.

Bestalde, klinikaren beraren bidez finantzaketa eskatu duten bezeroei ere zuhurtziaz jokatzeko eskatu die elkarteak. Maioraren arabera, kasu horietan komeni da ordainketak etetea eta egoera aztertzea, dagokion erreklamazioa bideratzeko.

Etorkizunera begira, antzeko egoerak saihesteko, IRACHEko ordezkariak gomendatu du, ahal den neurrian, tratamenduak finantzaketa bidez eta epeka ordaintzea, eta ez diru guztia aldez aurretik ematea.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!