Euskal Pilotaren Nazioarteko Biltzarra egiten ari da gaur Iruñeko Labrit pilotalekuan, goizeko 08:30ean hasi eta 17:15era arte. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Euskal Pilota Federazioak antolatu dute, POCTEFA Europako programaren laguntzarekin.
Biltzarraren helburua euskal pilotaren egungo egoera eta etorkizuneko erronkak aztertzea da. Horretarako, sei mahai-inguru eta jarduera osagarri antolatu dituzte. Besteak beste, osasuna, teknika eta teknologia, hezkuntza, joko-arauak eta ondare immateriala, emakumeek pilotan duten tokia eta komunikabideen zeregina izango dituzte hizpide.
Andrea Lusarret, Nafarroako Euskal Pilota Federazioko lehendakaria, pozik agertu da biltzarra lehen aldiz Nafarroan egiten delako. Plota munduko kirolariak, ikertzaileak, kazetariak eta bestelako adituak elkartzeko gunea izango baita Labrit, eta halako topaguneak sortzea "garrantzitsua da euskal pilotarentzat".
Lusarretaren hitzetan, euskal pilotak osasun ona du, baina beharrezkoa da maila eta eremu desberdinetako pilota-munduaren arteko loturak indartzea: «Larunbatero Labrit bete egiten da, baina larunbat goizean Nafarroako txapelketa ospatzen da, eta, nahiz eta maila handia eduki, hori ez da hainbeste heltzen. Euskal pilota, pilota afizionatua, herri-mugimendutik sortzen den pilota da, eta horiek guztiak batzea inportantea da, euskal pilotak osasun itzela duela esateko».