Informatikaria da berez, baina ederki aritu da kazetari lanetan azken hamarkadan. Bere aita Urzainkikoa izan arren, ez zuen Pirinioetan bizitokirik; azken urte hauetan, ordea, Pirinioa eta, bereziki, Aezkoa bere etxe bihurtu ditu, eta herritarrek ere etxean bezala hartu dute. Aetzak jende itxia zirela eta ez zutela erraz parte hartzen esan bazioten ere, bere gertutasun, goxotasun eta prestutasunari esker, eskualdea kohesionatzea lortu du Irati Irratiko uhinen bitartez. Eta ez bakarrik eguneroko saioan esandakoengatik, uhinetatik kanpo ere hainbat jarduera eta ekimen bultzatzen jakin duelako baizik, "Pirinioa bizirik" leloa errealitate bihurtzeko ahalegina eginez. Azaroaren 13an esango du azkeneko aldiz Egun on, Auñamendi!, azken hamar urteetan egin duen bezala. Etapa bat itxiko du, baina bere bizitzako zati handi baten bizipenak ez dira hain erraz ahaztuko. Bigarren Solairuan astelehenero agurtzen gaitu, baina gaurkoa ez da Azpimarra ataleko ohiko saio bat izango. Gaur, Irati Irratiko esataria den Eneko Villegas gure estudioetara hurbildu da, azken hamarkadan egindako lana errepasatzeko.