Jardunaldiko beste partidetan bezala, geldialdia izan zen bederatzigarren minutuan, joan zen asteartean zendu zen Jesus de Miguel jokalariari omenaldia egiteko. Eta neurketa hasi aurretik, minutuko isilune hunkigarria izan zen Sadarren.
Hortik aurrera ere, zale gorritxoak isilik geratu ziren behin baino gehiagotan, Osasunako jokalariek egin zituzten akats indibidual larriek eraginda. Athleticek barkabera jokatu zuen, eta asko kosta zitzaion opariak baliatzea. Ordea, Nico Williamsek 0-1ekoa sartu zuen arauzko denbora agortzeko bost minutu eskas geratzen zirenean. Bada, berehala, hor agertu zen Catena, heroi mozorroa jantzita. Golari esker, egindako akatsen zauria miazkatu zuen atzelari gorritxoak.
Puntua baligarria da Osasunarentzat, eta jokoaren inguruan ere irakurketa baikorrak egin daitezke. Egitura bezala, nabarmen egin zuen hobera azken bi partidekin alderatuta, eta lehen zatian, ia guztiz deuseztatu zuen Athletic. Gero, nagusitu egin zitzaion talde zuri-gorria, baina ez markagailuan gailentzeraino.
Orain, bi asteko geldialdia dator. Osasuna hamaseigarren dago sailkapenean, jaitsiera postuetatik bi puntura. Etenalditik bueltan, Malaga hartuko du Sadarren.
Emakumeen kasuan, berriz, bertan behera geratu zen Tenerife Bren aurka jokatu behar zuten partida, De Miguelen heriotzaren ondorioz. Arrazoi berarengatik, joan zen astean ez zuten jokatu Logroñoren kontrako Kopako partida. Ostegunean jokatuko dute neurketa hori, eta igandean Cacereñoren zelaian ariko dira.