"Ikasgeletan ere ulertu behar dute etxebizitzaren auzia ez dela pertsonala, baizik eta kolektiboa"

Euskalerria irratia

Etxebizitza izatea gero eta zailagoa den honetan, haurrek ere badute zer ikasi eta zer esan etxebizitzaren inguruan. Etxebizitzaren krisia ikasgelara eramateko programazio didaktikoa prestatu dute Etxebizitza Sindikatuak eta Steilas sindikatuak, eta egindako lana azaltzera etorri dira Euskalerria irratira  Haritu sindikatuko Zuberoa Uhaldek eta Steilas sindikatuko Ane Apezetxeak. Hego Euskal Herriko ikastetxeetara bidali dute proposamena, etxebizitzaren arazoa ikuspegi kritiko, intersekzional eta transfeministatik lantzeko.

«Gatazka sozial guztiek dute isla ikasgeletan. Baldintza materialek baldintzatzen dute ikasleen bizitza, eta eskolaren helburua aukera-berdintasuna bermatzea ere bada». Ikuspegi horretatik abiatuta, hezkuntza ez da ezagutza transmititzeko gune soil gisa, eta errealitatea aztertzeko eta eztabaidatzeko espazio gisa baizik. Horregatik Steilas sindikatuak etxebizitzaren auzia lantzeko urratsa eman du Etxebizitza sindikatuarekin batera eta unitate didaktiko bat ondu dute. 

Zuberoa Uhalderen hitzetan, hezkuntzaren bidez ulertarazi nahi dute etxebizitzaren arazoa ez dela norbanakoen auzi bat, baizik eta merkatuaren logikak baldintzatutako arazo kolektiboa. «Etxebizitzaren arazoa ez da soilik indibiduala; merkantilizatuta dago, eta hori hezkuntzan lantzea ere garrantzitsua da», azaldu du.

Horretarako, errealitate zehatzak ikasgeletara eramatea proposatzen dute. Besteak beste, Haritz Pascual ikastetxe batera joan da, ikasleen kezkak eta galderak jasotzera: zergatik igotzen dira alokairuak? Zer gertatu da Mari Carmenen kasuan? Zergatik bidali zuten etxetik?

Mari Carmenen istorioak balio izan die etxebizitzaren arazoari aurpegia jartzeko. «Arazo konkretu bati aurpegia jartzeko balio izan zigun, eta hor ikusi genuen ez garela soilik ekonomiaz ari: pertsonen bizitzaz eta duintasunaz ari gara», azaldu du Uhaldek.

Izan ere, haurrek agian ez dute arazoaren dimentsio osoa helduek bezala ulertuko, baina etxebizitzaren krisiaren ondorioak haien eguneroko bizitzan ere agertzen dira: etxegabetze arriskuan, logela partekatuetan edo etxebizitza-arazoek eragindako bizipenetan. Istorio horiek kontatzea ez da hain zaila; erronka, ordea, bizipen horietatik abiatuta hausnarketa sustatzea da.

Inor deseroso sentitu gabe

Ikasgelan gai horiek lantzeko orduan, kezka nagusietako bat izan da ikasleen egoera pertsonalak ez agerian uztea edo inor deseroso ez sentiaraztea. Ane Apezetxeak azaldu duenez, programazioa diseinatzerakoan argi izan dute ez dutela ikasleen egoera ekonomiko edo bizitegi-egoera epaitzeko asmorik.

«Argi utzi dugu ez dugula inoren egoera pertsonala epaitu nahi. Ikasleen egoera ekonomikoa edo etxebizitza-egoera ez dugu azaleratuko», adierazi du. Horren ordez, programazioak egoera eta adibide jakin batzuk proposatzen ditu, baita datu ofizialak aztertzeko webguneak ere. Helburua, haren esanetan, kontzientzia piztea da: «Arazoa ez da pertsonala, kolektiboa baizik».

Ikuspegi kritiko, intersekzional eta transfeminista

Programazioak ikuspegi kritikoa, intersekzionala eta transfeminista txertatzen ditu. Apezetxearen arabera, ikuspegi kritikoak lagundu behar die ikasleei ulertzen gertatzen diren gauzak ez direla berez edo modu naturalean gertatzen: «Etxebizitzaren egoera saihestu zitekeen; sistema bat dago horren atzean, eta arazoaren erroak kritikoki azter ditzakegu».

Intersekzionalitateak, berriz, zapalkuntza eta desberdinkeria desberdinek pertsonen bizitzan duten eragina aztertzea proposatzen du. Etxebizitza eskuratzeko zailtasunek ez diete pertsona guztiei berdin eragiten: emakumeek eta migratuek, besteak beste, ondorio bereziki gogorrak pairatzen dituzte. Ikuspegi transfeministak, halaber, zaintza-lanak, lan-prekaritatea eta gizartean nagusitzen den familia-eredua jartzen ditu eztabaidaren erdigunean. Izan ere, etxebizitza-ereduak familia-eredu jakin bati erantzuten diola eta horrek bazterketa eragin dezakeela nabarmendu dute.

Etapa bakoitzerako proposamen didaktikoak

Programazioak lau unitate didaktiko biltzen ditu, hezkuntza-etapa desberdinetara egokituak. Unitate bakoitzak bi saio ditu: lehenengoan, etxebizitzaren arazoa aztertu eta hausnartzea proposatzen da; bigarrenean, berriz, konponbideak bilatzea eta erantzukizunak dituzten eragileak identifikatzea.

Horrela, etxebizitzaren krisia ikasleen eguneroko errealitatetik abiatuta lantzea da proposamenaren helburua, arazoaren dimentsio soziala ulertzeko eta konponbide kolektiboen inguruan pentsatzen hasteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!