Azaroaren 6an bi hilabete beteko dira Iker Aristu gaztea hil zenetik. Heriotzak amorrua eta mina eragin zizkion Eneko Villegasi. «Bizitzan gertatzen diren hainbat egoera iraganeko bihurtzen dira: bikotekide ohi, preso ohi... Baina torturatua izan dena ezin da torturatu ohia izan; zauriak barruan jarraitzen du», adierazi du. Zauri horiek arintzeko, barruan gordetako mina azaleratzearen garrantzia azpimarratu du Villegasek.
Ainara Iraizoz psikologoak, berriz, azaldu du torturak ez diela pertsona guztiei modu berean eragiten. Norberaren bizipenak, bizitzako esperientziak eta genetikak, besteak beste, eragina dute horretan. Tortura fisikoa eta psikologikoa bereiztea ere oso zaila dela nabarmendu du.
Iraizozek kontatu du torturatuak izan diren pertsona batzuek ez dutela bizitakoaz ezer gogoratzen, amnesia disoziatiboaren ondorioz. Biziraupena helburu nagusi bihurtzen denean, gainerako guztia bigarren mailan geratzen da buruan. Torturaren ondorioak luzaroan irauten badute ere, sendatzea posible dela gogorarazi du: «Lana eskatzen du, baina norberak bere burua berreraiki dezake».
Horregatik, elkar zaintzearen garrantzia nabarmendu dute biek. «Gure artean elkar zaindu behar dugu; zaintza funtsezkoa da», azpimarratu dute. Psikologoen laguntzak ere bide horretan asko lagundu dezake.
Zaintza-taldeetan parte hartzeko aukera izango da ostiralean. Horrez gain, Villegasek gogorarazi du abenduaren 12an Iker Aristu kidearen omenezko ekitaldia egingo dutela.