Euskadiko Pilota Selekzioak lehen aldiz lehiatu du Munduko Txapelketa bat modu ofizialean. Debuta zinez arrakastatsua izan da, ikurriña modalitate askotan izan baita podiumean. Hala ere, banaketa izan da euskal pilotarien artean: Nafarroako eta Iparraldeko hiru lurraldeetako pilotariek ezin izan dute euskal selekzioa ordezkatu
Bada, errealitate horren aurrean, Euskal Herri osoa bilduko duen selekzioa aldarrikatzen du Euskal Herriko Pilota Konfederazioak. Alderdi politikoei zein federazioei dei egin die bide horretan lan egin dezaten, bereziki 2030ean Bilbon antolatuko den Munduko Txapelketari begira. Horretaz hitz egiteko, konfederazioko kide Martin Ibarra Kirolerrira gonbidatu dugu.
Iruhbi Pilota proiektuaz ere hizpide izan dugu. Egitasmo horren baitan, astero jaialdi bat ari dira antolatzen Labriten, urria eta abendua artean. Erremonteaz eta horren ezagunak ez diren hainbat modalitatez goza daiteke bertan, eta eskaintza gastronomikoa ere jaialdien parte da. Pilota ikuspuntu kultural eta turistikotik sustatzea da helburua, eta baita mugaz gaindiko harremanak sustatzea ere, Hego eta Ipar Euskal Herriko erakunde eta eragileak elkarlanean jarrita.