Azaroa ekitaldiz beterik dator Labara, eta horien artean nabarmentzekoa da azaroaren 21ean antolatutako Maitagarrien Gaua. Beñat Lopezek, Labako kultura-programatzaileak, azaldu digu zertan datzan: “Kuriosoa izango da. Gure lokala baso bihurtu nahi dugu eta, horretarako, jendeari eskatzen diogu ipotxez edota maitagarriz jantzita etortzeko. Hala ere, prestaketa-lanetan lagunduko diegu eta tailer batzuk antolatu ditugu”.
Hala, azaroaren 6an, idazketa-tailerra zuzenduko du Uxue Juarezek, “basoa entzun eta basoari kantatzeko”. Azaroaren 9an eta 20an, berriz, Miren Asiain Lora ilustratzailearekin batera, elementu birziklatuak erabiliz basoa apaintzeko osagarriak sortuko dituzte parte-hartzaileek.
“Azaroaren 21eko gaua oso berezia izango da. Musika-, poesia- edo antzerki-pasarteak egitera animatzen dugu jendea. Proposamenak jasotzeko irrikitan gaude”, adierazi du Beñat Lopezek.
Musikaren alorrean ere eskaintza zabala du Labak hilabete honetan. Maruxak taldearen disko berriaren listening party edo aurkezpena izango da azaroaren 12an. Hilaren 26an, berriz, Esanezin taldearen lan berria modu berean ezagutzeko aukera izango dugu. TOC eta Tesoro taldeen txanda azaroaren 27an izango da, eta The Reggae Trainena, berriz, 28an.
Umorearentzako tartea ere egongo da: azaroaren 19an, Joxe Aldasorok Dinosaurotzen bakarrizketa taularatuko du.
Agenda osorik kontsultatzeko, sartu www.laba.eus webgunean.