Zortzi puntako izar batek iragarriko datorren Nafarroa Oinez festa; hiriko armarri, zigilu eta bertako ikastolako ikur, izarra, iheskorra baldin bada, ametsaren eta desiren irudi ere bada. “Desio batera garamatza datorren urteko Nafarroa Oinezaren ikurrak” azaldu du Joseba Tristan ikastolako zuzendariak, “Nork ez du noizbait zerura begiratu eta izar iheskor bati desio bat eskatu? Duela ia 6 hamarkada gure aurrekoek ere desio bat izan zuten: euskarazko hezkuntza nahi izan zuten bere sema alabentzat eta euskarak Lizarran etorkizuna izan zezan nahi zuten. Baina desioak ez dira desiratuz bakarrik betetzen, lan egin zuten, elkartu, auzolanean aritu ziren eta amets hura errealitate egin zuten, Lizarrako ikastola eraikiz”. Horregatik leloak sustrai horietara ere begiratuko die Herritik errora. “Lizarrako ikastola herri ekimenetik jaio zen eta horrela jarraitzen du izaten uneotan, ikastolako ikasleak Lizarrako eragile, taldeetako partaide dira, ikastolak berak hiriko egunerokoan parte hartzen du, gure jolastokia berez jada, herriko plaza bat ere bada” azaldu du Tristanek. Horregatik, 2027ko Nafarroa Oinezak, dagoeneko zahartzen ari diren azpiegiturak hobetzea bilatuko du, jasangarritasuna bultzatu eraikinetan eta jolastokia, plaza ireki berdea bilakatu.
25 ikaslerekin jaio zen Lizarrako ikastola 1970ean Lizarra frontoiko gela batean. Gaur egun 550 ikasle, 400 familia eta 80 langile dituen erreferentziazko ikastetxe bilakatu da.
2026ko Nafarroa Oinez arrakastatsua
Lizarrako ikastolako kideek Bianako Erentzun eta Zizur Txikiko Sanfermin ikastoletako zuzendarien eskutik jaso dute Nafarroa Oinezaren lekukoa. Pozik dira bi ikastolak, elkarrekin, bidean bat eginik emandako urte honengatik. Aurtengo Nafarroa Oineza “Arrakastatsua eta jendetsua” izan dela azpimarratu dute, “eguraldi hotzak eta Osasunaren partida ordutegiak zalantzak eragin bazituen ere”. 20.000 euskaltzale inguru bildu zirela kalkulatzen dute, 11.000 bokata banatu eta 5.500 talo saldu, iaz baino mila gehiago.
Erentzun ikastolak pozik hartu du, ikastolen festak, haien ikastetxean suposatuko duen laguntzarengatik. “Helburuak bete dira” ondorioztatu dute pozik, lekukoa pasa eta atseden hartzera joan aurretik.