Hiru hilabete joan dira 112 larrialdi zerbitzuan polizien deiak ere jasotzen dituztenetik. Aldaketa ezarri zenetik, premiazkoak ez diren polizia deiak %10 inguru handitu direla jakinarazi dute langileek Nafarroako Parlamentuan egindako lan saioa batean, eta horrek eraginda %20 handitu dela erantzuteko denbora. Izan ere, egun, Espainiako Poliziaren 091 eta Guardia Zibilaren 062 telefono zenbakietako dei guztiak 112 larrialdi zerbitzuetara bideratzen dira. Bertako langileen arabera, lan karga handitu egin zaie, eta larrialdiei aurre egiteko sistema ere okertu egin da: "Premiazkoak ez diren polizia deiei erantzutea oztopoa da", adirazi du lan saio horretan Isabel Anaut 112 larrialdi zerbitzuetako langileak. Disfuntzioak eta atzerapenak daudela salatu du. Ez hori bakarrik, adierazi dute aldaketa egun batetik bestera egin dela eta zenbait sektoreri aldez aurretik abisatu gabe egin dela.
Ez da lehen aldia
Garai batean 112 telefono zenbakira bideratu zituzten beste zenbait gairekin erlazionatutako deiak: farmazien inguruko informazioa, errepideen ingurukoa ...eta orduan ere, salatu zuten euren benetako zeregina oztopatzen ari zirela dei horiek. Langileen kritikek eragin zuten atzera egitea eta dei haiek beste zentralita batzuetara bideratzea. Berriz ere larrialdi deiekin geratu ziren, ez gainerakoekin. Duela hiru hilabete egoera berera itzuli direla iruditzen zaie polizia dei guztiak jasotzearekin. Eta ohartarazi dute, gerta daitezkeen fenomenoen aurrean erantzun azkarra ematea zailagoa izanen dela:"Larrialdi orokorreko egoeratan: uholdeetan, suteetan, istripu larriak, meteo alertetan... premiazkoak ez diren deien gainkarga gertatzen da bai polizien dei zerbitzuetan zein larrialdi zerbitzuetan ere. Sistema berri honekin 112an izanen da karga osoa eta oztopo izanen da larrialdiei aurre egiteko".
Sistema hori kentzeko eskatu diete eskumena duten erakundeei. Hori posible ez balitz, eskatu dute sistema eteteko, «atzemandako arazoak berrikusi eta konpontzeko». Bestela, premiazkoak ez diren polizia deietarako 091 eta 062 zenbakiak erabiltzeko eskatu dute, eta soilik larrialdiak bideratzeko 112ra.