Reparaz Washingtondik segitzen ari da midtterm-eko hauteskundeak. Ederki ezagutzen ditu AEBak, ETBren berriemaailea izan zen sei urteetan estatu guztietan egin baitzituen erreportajeak. Haren aburuz, historikoa da barruko estatuetan, kostaldeen arteko “artadi handian”, demokratek irabazi izana.
Reparazen aburuz, emaitzek argi erakusten dute Trumpek larrutik ordaindu duela; batetik, latinoen aurka egitea eta,; bestetik, trumpistek ez diotela barkatzen bere hitza urratuta gerrak piztuz ekonomia okerragotu izana.
Juan Kruz Lakasta: Euskalerria Irratian, arbizuar bat eta iruindar bat Amerikako Estatu Batuetako midterm edo agintaldi erdiko hauteskundeez ari gara. Garrantzia handiegia ematen diegu?
Mikel Reparaz: Euskal Herriari, Nafarroari, Arbizuri… mundu osoari eragiten dioten hauteskundeak dira. Askotan jasotzen dugu iritzi hori, askok esaten digute: "Gehiegi hitz egiten duzue Estatu Batuetako hauteskundeei buruz". Agian bai, baina, zoritxarrez, mundua Donald Trumpek egiten duenari begira dago, eta gaur Donald Trumpen etorkizuna ezbaian dago, etorkizun politikoa asko-asko okertuko zaiolako datozen bi urteotan.
JKL: Boto zenbaketa oraindik amaitzeke dagoela ari gara solasean, baina porrota inkestek iragartzen zutena baino askoz handiagoa izaten ari da, bai Ordezkarien Ganberan eta baita Senatuan ere. Nola laburbilduko zenuke gertatzen ari dena?
MR: Ordezkarien Ganberak baditu 435 eserleku eta hauteskunde hauetan guztiak ez daude jokoan, eta emaitza batzuk oraindik argitzeko daude, baino badakigu dagoeneko demokratek badaukatela gehiengoa, 223 eserlekurekin, ganbera hori kontrolatzeko. Baina Senatuan dago albiste nagusia; izan ere, Senatua ezbaian zegoen, oso alde estuaz ikusten ari ginen demokrata eta errepublikanoen arteko lehia hori eta uste baino askoz ere errazago irabazi dute demokratek Senatua. Oraintxe bertan demokratek Senatuan 54 eserleku dituzte, eta guztira 100 dira. Eta esan liteke, beraz, dagoeneko hauteskunde gau honetan, eta hala eman dute Estatu Batuetako telebista kate guztiek, dagoeneko bi ganberak demokraten esku daudela eta datozen bi urteotan gehiengo hori izanen dutela eta Donald Trumpen politikak oztopatzeko tresna oso-oso boteretsua izanen dutela demokratek.
Senatari demokrata hautatu berrien artean, Abdul El-Sayed dago, berak irabazi ditu Michigango hauteskundeak. El-Sayeden hautagaitza oso polemikoa izan da azken egunotan, Alderdi Demokrata barruan bere aurkako botoa eskatu dutelako demokrata zentrista edo moderatuek. Abdul El-Sayed, musulmana izateaz gain, ezkertiarra da, eta Israelen aurkakoa eta Palestinarren aldekoa, genozidioa salatzen du. Horrek Michiganen zalaparta handia eragin du, baina, halere, Abdul El-Sayedek irabazi du.
JKL: Gogoan dut Obamak irabazi zuelarik, Euskadi Irratian, Maite Artolak, Washingtondik, esan zuela kontziente zela une historiko baten aitzinean zegoela. Halako sentsaziorik bai al duzu zuk gau Washingtonen?
MR: Aitortuko dizut agian Obamak irabazi zuenean eta Chicagon hauteskunde gau hura jarraitu nuenean bestelako sentsazioa izan nuela, hau da, lehen presidente beltza ikusteak beste aura bat izan zuela. Orain egia da Trumpen aurkako erreakzio bat ikusten ari garela Estatu Batuetan, baina kontuan hartu behar da, eta hau bere neurrian jarri behar dugu, presidente batek bere agintaldi erdian egiten dituen hauteskundeetan ohikoa dela parlamentuaren babesa galtzea, eta hori da orain gertatzen ari dena. Baina, aldi berean, demokratek uste baino indar handiagoaz irabazi dituzte hauteskunde hauek, beraz, esan liteke historikoa dela, baina ez hain historikoa.
JKL: Amerikako Arrakalak liburuan kostaldeetako hiri handien artean dagoen eta hauteskundeetan erabakigarria izaten den artadi handiaz mintzo zinen, barrualdeko estatuez. Demokratek estatu horietako askotan irabazi dute: Kansasen, Ipar eta Hego Carolinan zein Texas bezalako estatu oso sinboliko batean. Hor James Talarico hautagai demokrata gailendu da senaturako. Berriki egindako bere garaipen mitinean esan du munduko diru guztiak ezin dituela Texaseko herritarrak erosi. Adierazgarria.
MR: Bai, Talaricoren adierazpen hori Elon Muski zuzenduta zegoen. Elon Musk Texasekoa da eta izugarrizko dirutza jarri zuen errepublikanoen alde. Baina ez da ahaztu behar Talaricok berak, hau da, demokratek, inoiz egin duten kanpainarik garestiena egin dutela. Texasen, milioi askoko faktura. Estatu Batuetan diruarekin edozer lortu liteke beti, baina honako honetan Muskek diru gehiago jarri duen kanpaina horretan, demokratek irabazi dute.
Estatu Batuetako artadi handi hori, zeinean errepublikanoek eta kontserbadoreek gehiengo zabala eduki baituten historikoki, urdindu egin zaigu oraingoan, eta horixe da lerroburu inportanteena. Kansasen demokratek ez zuten irabazten 1932garren urtetik, hau da, duela 94 urtetik kontserbadoreek irabazi dute eta oraingoan Adam Hamilton izeneko demokrata batek irabazi du hor bere senatari eserlekua. Eta Texasen, egia da, ikaragarria da gertatu dena, hau da, ez da Talarikoren kontua bakarrik, Senatua irabazi duela, baizik eta gobernadorea ere demokrata izanen dela. Orain arte Estatu Batuetan denbora gehien egon den gobernadorea kaleratu du nork? Gina Hinojosa izeneko emakume latino batek. Texas, orain arte errepublikano MAGA trumpistek gobernatutako estatu hori, orain latino batek eta emakume latino batek gobernatuko du. Ez da gauza makala!
JKL: Ez ba. Talarico ikusita, beste ñabardura batek eman dit atentzioa: jarraitzaileen aitzinera garaipena ospatzera ateratzeko, gaztelaniazko kanta bat aukeratu du. Zein heinean atera zaio garesti Trumpi migrazioarekin, ICErekin egindako basakeria horiek guztiak?
MR: Oso-oso garesti atera zaio. Horren adibide ezin hobea da Gina Hinojosa gobernadore latinoak gobernatuko duela Texas, edota Kalifornian Xavier Becerra izeneko latino batek izango duela gobernua, eta biak demokratak direla. Horrek esan nahi du latinoak mobilizatu egin direla hauteskunde hauetan. Latinoek aurreko presidentzialetan Trumpi eman zioten babesa, eta orain, bi urte pasa ondoren, esan dute: "Guk ez genizun baimena eman nahi duzun guztia egiteko". Latinoak eta gutxiengoak oro har gogor kolpatu ditu Trumpen politikak, ICEren politikarekin, deportazioekin, sarekadekin, eta horri emandako erantzun argi bat da latinoen mobilizazio hori, eta demokratek lorturiko emaitzak, oro har.
JKL: Itzul gaitezen artadi handira. Sei urtez izan zinen ETBren berriemaile Amerikako Estatu Batuetan. Amerikako Estatu Batuetako estatu guztietan egin zenituen erreportajeak. Horietako batean, Nevadan. Markinatik Ameriketara joandako Jose Mari Beristainekin mintzatu zinen. Trumpista amorratua zen eta honako hau esan zizun: “Trump ez da perfektua, baina agintzen duena egiten du”. Agian hor egon daiteke beste gakoetako bat: America First zioen, baina gero mundu osoan piztu ditu suteak, gerrak...
MR: Bai, America First zioen, eta ez zuela gerra berririk irekiko, gerra guztiekin amaituko zuela, bakearen presidentea izanen zela. Baina orain izugarrizko gerra daukagu Ekialde Hurbilean. Trumpek ez dubere hitza bete. Baina agian Beristain bezelako estatu batuarrentzat garrantzi handien duen gaia ekonomiarena da, eta Trumpek Etxe Zurira iristea lortu zuen promesa batekin, esanez prezioak jaitsiaraziko zituela, inflazioarekin amaituko zuela, eta Iranen aurkako erasoarekin lortu dena guztiz kontrakoa da: dieselaren krisia ikaragarria da Estatu Batuetan, garraioari zuzen-zuzenean eragiten dion krisia da, eta horrek produktu guztiak garestitu egin ditu. Etxebizitzaren prezioak ere ikaragarri egin du gora bi urteotan. Beraz, jendeak hori ikusten du, Trumpek ez dituela bere promesak bete, eta horri erantzun diote azken orduotako bozketa horretan.
Jose Mari Beristaini buruz gehitu nahiko nuke berriki hil dela. Nevadako Euskal Etxeko presidentea izan zen denbora luzean, trumpista amorratua zen, eta Vietnamgo gerrako beteranoa. Ongi legoeke jakitea orain zer esaten duten edo zer pentsatzen duten Trumpek egindakoaren aurrean halako trumpista amorratuek. Hauteskunde hauek presidentearen politikaren azterketa bat da, eta Traumpek, inongo zalantzarik gabe, ez du azterketa hori gainditu.
"Betoak beto, demokratek asko oztopatu ahal izanen dute Trump presidentearen lana datozen bi urteotan"
JKL: Azterketan porrot egin eta gero pentsa liteke bere politikak aldatuko dituela, baina Trumpek berak bere sare sozialean irudi bat zabaldu, zeinean bisera gorri bat daraman “Beto” leloarekin. Hau da, badirudi Ordezkarien Ganberari eta Senatuari betoa ezartzeko asmoa duela.
MR: Bai, presidenteak izatez Estatu Batuetan botere handia du eta hainbat erabakiri betoa jar diezaieke. Kongresuak hartutako erabakiak geldiaraz ditzake, nolabait. Nolanahi ere, azken bi urteotan jada ikusi dugu Trumpek dekretu bidez gobernatzen duela, hori egitea maite duela eta hori dela bere estiloa. Beraz, horretan jarraituko du, horretan ez dago inolako zalantzarik.
Baina, aldi berean, kontuan hartu beharra dago orain Kongresuak ikaragarrizko boterea duela oztopoak jartzeko, Trumpen politikak oztopatzeko. Nola? Besteak beste, Trumpen diru iturriak moztuz, Kongresuaren konpetentzia baita aurrekontuak onartzea, eta hori ez da bi urteotan gertatuko demokratak hala erabakitzen badute. Gainera, demokratek ekimen berriak has ditzakete, esaterako, presidentearen inguruko ikerketa batzordeak irekitzeko. Hor daude Epsteinen paperak eta hainbat ustelkeria kasu presidenteari eragiten diotenak. Muturreraino joanda, impeachment edo kargua kentze prozesua ere abiaraz lezakete. Gainera, Trumpek Senatuan ezin izango ditu izendapenak egin, kargu berriak, Auzitegi Goreneko epaileak. Beraz, demokratek asko oztopatuko diote bere lana presidenteari datozen bi urteotan, betoak beto.
JKL: Gauzak horrela, aferarik larrienetan, Israelen Palestinako genozidioan edo Irango gerran, aldaketarik espero dezakegu?
JKL: Nik esanen nuke ezetz. Oraintxe bertan ez dirudi hor aldaketarik izanen denik. Kontuan hartu Estatu Batuetako presidenteak botere handia duela eta atzerri gaiei dagokionez oso zaila dela Kongresuan gai hauek geldiaraztea. Kontuan hartu Iran zein Venezuela erasotzeko erabakiak berak zuzenean hartu zituela, ez ziola Kongresuari baimenik eskatu, eta Kongresuak ez zuela eskurik mugitu. Agian orain demokratak saiatuko dira neurriak hartzen Irango gerrari dagokionez, baina aldi berean oso zaila da hori geldiaraztea, gerra hori martxan dagoelako eta Trumpek beto hori erabil dezakeelako. Gainera, bi urteotan Trumpek bere ondarea utzi behar du Washingtonen, Estatu Batuetako presidentzian, eta argi dago atzerri politikari begiratuko diola eta saiatuko dela bere agenda aurrera eramaten. Israel eta Palestinaren arteko gatazkari dagokionez, palestinarren egoerari dagokionez, ez dut uste inolako aldaketarik etorriko denik, nahiz eta Senatuan Abdul El-Sayed bezalako senatari bat egon, lehen senatari musulmana. Senatari bat baino ez da, eta errepublikanoek eta demokratek ez dute sraelen aurkako neurririk onartuko.
JKL: Amaitzeko, mundu osoan ari ginen Estatu Batuetan suerta zitekeen ssistema aldaketaz, Trumpekin AEBak ez ote zihoazten autokraziara. Faxista guztiak galtzera kondenaturik daudela dioen kantuarekin hasi dugu elkarrizketa [Woody Gulthrie, ]. Esan genezake bide horretan faxistek indarra galdu dutela?
Mikel Reparaz: Bai. Amerikako Arrakalak-en aipatu nuen Estatu Batuetan beti aurrerapauso bat ematen den momentuan atzerapauso bat datorrela, edo bi atzerapauso, baina jarraian berriz ere aurrerapauso bat egiten dela. Etengabeko nolabaiteko iraultza dela. Badakizu 1776an herrialde independente hau sortu zutenean, iraultza baten, gerra baten bitartez egin zutela. Beraiek iraultza deitzen diote horri. Eta hain zuzen ere hori da Estatu Batuen izate politikoa: etengabeko iraultza hori. Aurrera egiten dutenean gero atzera egiten dute, gero berriz ere aurrera, eta horrela jarraituko dute. Horretan gaude orain. Kontua da Trumpek egin dituen aldaketa askok ez dutela atzera bueltarik, eta Estatu Batuetako demokrazia liberala, hau da, munduan demokrazia liberalen arloan eredu izan den hori ez dela aurrerantzean berdina izanen. Trumpek aldaketak egin dituelako eta Trumpek nolabait ere erakutsi duelako inperioaren ahulezia. Hori dela giltzarrietako bat da gaur eta hemen.