Isunak jasotzen ari dira zenbait herritar AHTren zudaketen aurrean protesta egiteagatik

Euskalerria Irratia

Udan Altsasun egin zituzten Abiadura Handiko Trenaren lanak hasi aurreko zundaketa lanak. Horietara protestara hurbildu ziren zenbait ekintzaile eta gutxienez sei pertsonari 100 euroko isunak iritsi zaizkiela salatu dute Stop Zundaketak-AHTrik ez plataformatik. 

100 euroko isunak iritsi zaizkie gutxienez sei pertsonari Abiadura Handiko Trenaren zundaketetan protestak egiteagatik. Altsasun, gogoan izanen duzue, pasa den udan egin zituzten zundaketa lanak eta horien aurrean elkarretaratze eta protestak egin zituztenei isunak jarri dizkietela salatu dute.

Zundaketa horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Y-a eta Nafarroako korridorea lotzeko beharrezkoak diren lanak dira. Ezkiora joateko Aralar parke naturalaren albotik igaroko litzatekeena bideragarria den edo ez jakiteko lanak izan dira, zehazki.  Aralarko mendigune karstikoa 20 kilometroko tunel baten bidez zulatuz eginen lukete lotura eta herritarrak horren aurka agertu dira, baina Sakanako udal gehienak ere, Altsasukoa ez besteak.

Stop zundaketak – AHTrik Ez! ekimenak isunak salatu eta AHTaren aurkako mugimenduaren kriminalizazioaz ohartarazi du. Azpiegitura horren aurkako borrokan jarraitzeko deia ere berretsi egin du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!