Kirola egiteko gomendioa, mediku-errezeta gisa

Euskalerria Irratia

Iruñeko bi osasun etxek abiatu zuten kirol errezeta programa. Ikusirik zer nolako arrakasta eta onurak zekartzan, bederatzi zentrotan izan da orain arte eta gaur sinatu duten hitzarmenari esker Iruñeko 14 osasun etxeetako profesionalek izanen dute errezeta hori emateko aukera.

Medikura joan eta kirol errezeta bat jasotzea bueltan. Zenbait ondoezak horixe dute irtenbide egokiena: kalera atera, airea arnastu eta kirola egin. Ahal bada konpainian, hobeki. Iruñeko bi osasun etxek abiatu zuten kirol errezeta programa, Txantreakoak eta Iturramakoak. Ikusirik zer nolako arrakasta eta onurak zekartzan, bederatzi zentrotan izan da orain arte eta 1.500 kirol eta sozializazio errezeta baino gehiago preskribatu dituzte. Gaur sinatu duten hitzarmenari esker Iruñeko 14 osasun etxeetako profesionalek izanen dute errezeta hori emateko aukera.

Iruñeko Udaren eta Osasunbideko Etxez etxeko Zaintzako zuzendaritzaren arteko hitzarmenaren bidez ari dira programa garatzen. Osasuna, ongizatea eta zaintza beste modu batean ulertzea da halako errezeta osasun profesionalek bideratzearen helburu nagusia. 50 urtetik gorako herritarrei eskainitako zerbitzua da eta egunerokoan bizi ditugun arazoei heltzea da begirada integral eta komunitario batetik. 

Kirola prebentzio neurri gisa erabiltzea da gakoa, baina ez hori bakarrik, baita kohesio sozial gisara ere, buru osasunerako onura gisa, autonomia pertsonala garatzeko eta hiri aktiboago bat sortzeko. Ariñe Sabada Osasunbideko zaintza arloko zuzendaritzako kidea da. Esan du, urteotan preskribatu dituzten errezetek emaitza onak eman dituztela: "Bereziki onurgarria izan zaie askori bakardadea gainditzeko. Kirola egiteaz gainera konpainian egiteak bizilagunekin harremanak izateko bide ere bada errezeta", azaldu du Ariñe Sabada Osasunbideko Zaintza eta Etxez Etxeko ipar eremuko zuzendariak. "Gaixotasuna tratatzeaz harago, prebenitu eta aurrea hartzeko errezetaz hitz egiten ari gara", gaineratu du. Horretarako Iruñeko Udalak baliabideak eta profesionalak bideratuko ditu osasun etxeetara kirol errezeta posible izan dadin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!