Genero-rolak, arraza-arrakala, esplotazioa... Pornografiari eta sexu-industriari hamarkada luzez egin zaizkion kritikak ezagunak dira oso. Baina zer gertatzen da sexualitateari lotutako adierazpen jakin batzuk berez susmagarri bihurtzen ditugunean? Zer gertatzen da matxismoaren epaia edo argudio feministak erabiltzen direnean, berez, deserosotasun moral huts bat ezkutatzeko?
Sexualitatearekin harreman normatiboa ez duten pertsonen ahotsak eta bizipenak arakatu ditu liburuan: pornografia kontsumitu edo ekoizten dutenak, reggaetona eta twerka maite dituztenak, edota BDSMa bezalako praktikekin gozatzen dutenak. Gustu txarrekotzat edo gehiegizkotzat jotzen diren adierazpen horien atzean dagoen erroa bilatu du autoreak: sexofobia.
Idazleak argi dio sexofobia hori moral burgesaren parte dela, gorputzak diziplinatzeko tresna bat, eta sexualitate esplizituen defentsa sexu-genero askapenerako zein klase-borrokarako bide bat ere badela. Izan ere, liburu honek talka egiten du kausalitate aritmetikoekin: nork esan du pornoak efektu bakarra eta negatiboa duela beti? Zer gertatzen da tresna horrek disidentzia sexualei euren gorputz lodietan edo queerretan erresistentzia egiteko indarra ematen dienean? Edo trauma batetik osatzeko bide bihurtzen denean?
Gai horiez guztiez hitz egitera bertaratu da June Fernandez idazlea Euskalerria Irratiko Bigarren Solairuko Egongelara.