Nafarroak 2027an aurrekontuak izanen ditu gobernuaren eta EH Bilduren akordioari esker

Euskalerria Irratia

Adolfo Araiz, Laura Aznal, Javier Remirez, Ana Ollo, Begoña Alfaro eta Jose Luis Arasti.

Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak eta EH Bilduko bozeramale Laura Aznalek gaur goizean sinatu dute 2027rako Nafarroarako Aurrekontu Orokorretarako akordioa. Hori erdietsita Arastik Nafarroako Parlamentura eraman ditu bertan tramitea hasi eta abenduan aurrera atera daitezen. 

"Nafarroako Gobernuak aurrekontu proiektua onartu du jakinda indar aurrerakoiek babestu eginen dutela", modu horretan eman du albistea Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilari Jose luis Arastik. Izan ere, hamabigarren aldiz, EH Bildu oposizioan dagoen alderdiak bide emanen dio abstentziora joz Nafarroako Gobernuak prestatutako 2027ko aurrekontu proiektuari: "Ez dira gure aurrekontuak, ez dira EH Bilduk aurkeztuko lituzkeenak, baina gure ekarpenei esker gobernuak hasiera batean aurkeztutakoak hobetzea lortu dugu", adierazi du Laura Aznal EH Bilduko bozeramale parlamentarioak. 

Maria Txibite buru duen koalizio gobernuak, PSN, Geroa Bai eta Zurekin alderdiek osatua, koalizio subiranistaren laguntzarekin aurrera atera ditu orain arteko aurrekontu guztiak. Zortzi izan dira: "Bizi dugun mehatxuaren larritasunaz jabetuta, eskuinak eta ultraeskuinak ez dute beren programa ezkutatzen. Badakigu zein nolako atzerakada ekarri dezaketen. Horregatik, ardura osoz egin diogu aurre negoziazioari. Funtsezkoak diren zerbitzu publikoak bermatzeko nahikoa baliabide dagoela ziurtatzea eta herritarren beharrei hobeto erantzuteko", nabarmendu du Aznalek. Legealdiko azken aurrekontuak izanen dira, eta Txibiteren gobernuak 7.285 milioi euroko proposamena aurkeztu du, aurtengoa baino %8 handiagoa. Finantza kostuak kenduta, gastu mugak ere %8,4 eginen du gora, eta aurreikusi du 6.851 milioi euro erabiliko direla gastu zein inbertsioetarako. 

Pentsioak igoko dituzte: 1.190 euroko hamalau soldata

EH Bilduk egindako ekarpenei esker, esan du Aznalek, pentsionistei hilabete bukaeran jasotzen dutena igoko dietela 16.600 euro jasoz gutxienez, alegia, 1.190 euroko hamalau soldata. Neurri fiskalen lege proiektuak hori ahalbidetuko duen dedukzio fiskala jasoko duela ere jakinarazi du alderdi subiranistako bozeramaleak. Etxebizitza arloan, Gobernua konprometitu du desjabetza prozesuak aztertzera eta hala edukitzaile handien etxebizitzetan bizi diren familia zaurgarrien etxegabetzeetan, landa eremuan etxebizitza publiko eta eskuragarria sustatzera konprometitu da; trantsizio eko-sozialean lege bat aurkeztu eta garatuko da instalazio energia eolikoak eta fotovoltaikoei zergak ordaintzera, babesleku klimatikoak sustatu eta biometanizazio proiektuak gehiago kontrolatuko dira, besteak beste.  Euskarari dagokionez, hizkuntza bere sustatzea eta D eredua zabaltzen segitzea adostu dute. 

Geroa Bai pozik haien lehentasunak ere jasoak daudelako

Akordioaren berri zabaldu ostean Geroa Baik ere balorazio positiboa egin du: "Politika publikoak planifikatzea eta zerbitzuak indartzea ahalbidetzen duen egonkortasuna eta Nafarroako erronka ekonomiko eta sozialei erantzutea ekarriko du", jaso dute ohar batean. Koalizioak nabarmendu du ezarri dituzten lehentasun politikoak jasotzen dituela; horien artean osasunaren arloko konpromisoak, industria eta deskarbonizazioa, euskara, landa-garapena, lehen sektorea eta
lurralde-egituraketa.

Parlamentuan da aurrekontu proposamena

Gobernuko hiru lehendakariordeak izan dira sinadura ekitaldian EH Bilduko Aznal, Adolfo Araiz eta Mikel Zabaleta. Javier Remirez lehen lehendakariordea, Ana Ollo, bigarrena, eta Begoña Alfaro hirugarren lehendakariordea. Haiekin batera, Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilaria izan da. 2027ko aurrekontu proiektua parlamentura bidali dute dagoeneko, eta litekeena da abenduaren 17ko osoko bilkuran onartzea. Biek adierazi dute, gobernuak zein EH Bilduk, legealdiko azken urteak ere izatea aurrekontuak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!