Rozalejo Jauregira hurbildu gara gaurkoan Metropoli Forala saioan. Nafarroako memoriaren eta bizikidetzaren gune berria da. Irailean ireki zituen ateak. Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiaren eta Nafarroako Memoriaren Institutuaren egoitza dago bertan. Irekiera egunean, Ana Ollo kontseilariak esan zuen guztion etxea izan nahi zuela Rozalejo jauregia, “memoria guztiak hemen baitaude gordeta”.
Eta hementxe gordeta dauden memorien artean, objektuen memoria ere badago. Izan ere, horixe da egun hauetan jauregian ikusi daitekeen erakusketaren izenburua: Objektuen Memoria. Nafarroan frankismoaren errepresioaren biktimen memoria berreskuratzeari eskainitako erakusketa da. Horretarako, hobi eta ehorzketetan biktimen gorpuzkiekin batera aurkitutako objektuak erabiltzen dira. Erakusketak hobi horiek ikertzeko, kokatzeko eta hobitik ateratzeko lanetara hurbiltzeko aukera ematen du, baita eraildako pertsonak identifikatzeko egiten den lana ezagutzeko ere.
Edurne Turrillas historialari eta ikerlaria arduratzen da igandero erakusketan zehar bisita gidatua egiteaz eta berarekin joan gara objektu guztiak eta argazki guztiak ezagutzen.
Erakusketa urte bereziki esanguratsu batean kokatzen da: 90 urte bete dira 1936ko estatu-kolpetik, eta hamar urte Nafarroako Gobernuaren Hobitik Ateratzeko Programa abian jarri zenetik. Denbora horretan egindako lanei esker, 164 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu dira, eta horietatik 53 identifikatu ahal izan dira. Prozesu horretan hainbat erakundek eta talde teknikok hartu dute parte, hala nola Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Nasertic eta Tracasa enpresa publikoek. Hala ere, biktima hauen senideen eta elkarte memorialisten laguntza ere funtsezkoa izan da, biktimen memoria berreskuratzen lagundu baitute eta erakusketan zehar ikus daitezken objektu asko utzi dituztelako.
Objektuak, biktimengana hurbiltzeko bide
Erakusketaren helburu nagusia errepresio frankistaren biktimen memoria berreskuratzea eta aldarrikatzea da, haien gorpuzkiekin batera aurkitu zituzten objektuen bidez. Itxuraz sinpleak diren objektuak dira: botoiak, gerrikoak, alpargatak, erlojuak, eraztunak, orraziak, metxeroak, erlijio-objektuak edo beren lanbideekin lotutako elementuak. Objektu horiek pertsona jakin batzuengana hurbiltzeko aukera ematen digute. Nola janzten ziren, haien lana, ohiturak, sinesmenak edo eguneroko bizimodua aipatzen dizkigute. Eta, kasu batzuetan, ezinbestekoak ere izan dira identifikatu, izen bat eta istorio bat itzuli ahal izateko. Horregatik, objektu horiek beste era batera begiratzea proposatzen digu erakusketak. Ez dira soilik hobi batean aurkitutako aztarna materialak. Atxilotu eta hil aurretik bizitza, familia eta lana zuten pertsonen objektuak dira. Erakusketan aurki daitezken objektu motak:
- Objektu pertsonalak: erloju bat, mahuka bikiak, orratz bat edo eraztun bat. Pieza aipagarria: Gazteluberriko hobian paraxutezko oihalez egindako sarezko alkandora bat (Makien jatorria).
- Osasunarekin zerikusia duten objektuak: hortzetako eskuila edo hortz-protesi artifizialak.
- Ohiturekin lotutako objektuak: metxero eta tabako-ontziak.
- Objektu profesionalak: trenbideetako langileekin lotutako objektuak.
- Objektu erlijiosoak: dominak eta gurutzeak.
- Artea eta artisautza kartzelan, San Kristobal presondegian aurkitutako objektuak: eraztunak (presoen izenekin).
- Heriotzako objektuak: eskuburdinak eta balak.
- Botilak: Ezkabako San Kristobal gotorlekuan aurkitutakoak edo Oibarreko botila sinbolikoa.
Hobiak eta hobitik ateratzeko prozesuak
1936ko uztaileko estatu-kolpearen ondoren, errepresioak indarkeria bereziki handia izan zuen Nafarroan ez baitzen gerra-fronterik egon. Eraildako pertsona asko kolpearen alde egin ez zutenen aurkako errepresio politiko eta sozialaren biktimak izan ziren. Erakusketak Nafarroan aurkitutako hobi mota ezberdinak lantzen ditu eta hobitik ateratzeko prozesuen historia jasotzen du. Senideek eta bizilagunek bultzatutako lehen ekimenetatik hasi eta azken hamarkadetan elkarte memorialistek, talde teknikoek eta Nafarroako Gobernuak egindako lanetaraino.
Horrez gain, erakusketan beste gauza batzuk ere ikus daitezke: desobiratze prozesuak nolakoak diren erakusten duten irudiak, zer gauza aurkitzen diren, Nafarroako hobien mapa bat eta baita dokumental bat ere. Horrekin lotuta, bisita 14 minutuko dokumental labur bat batekin amaitzen da, senide zein lekukoen testigantzak eta hausnarketak jasotzen dituena.
Erakusketaren xedea hobi bakoitzaren atzean historia propioa eta memoria bat dagoela gogoraraztea da. Objektuek pertsona horiekin lotura bat ezartzen eta ulertzen laguntzen digute. Frankismoak zabaldutako beldurraren ondorioz, hamarkadetan zehar, gertatutakoari buruzko oroitzapenak eta informazioa gorde izan da. Testigantzak garrantzitsuak izan dira hobiak kokatzeko, gertakariak berreraikitzeko eta biktimak identifikatzeko. Horrenbestez, erakusketak memoria hori berreskuratzearen eta belaunaldi berriei transmititzearen garrantziaz hausnartzera gonbidatzen gaitu.