BARATZONDO

Uda sargoriaren ondorioak baratzean

Euskalerria Irratia

Uda honetan egin duen bero sargoriaren ondorioez eta udaberrira begira lurra ongarritzeaz mintzatu gara ‘Baratzondo’ saioaren atal berrian

Denboraldi honetan ere gure baratze propioa izango dugu Euskalerria Irratiko Bigarren Solairuan: Baratzondo. Ollokin kokatuta dagoen @lamutilhuerta-ko lagunen lursaila partekatuko dugu beste behin ere, ikasten jarraitzeko eta esku artean dituzten proiektuak ezagutzeko.

Lehenengo atalean, azken uda luze eta sargoriak baratzeetan izan dituen ondorioez mintzatu gara. Oso desberdina izan da aurtengo uzta aurreko denboraldikoarekin alderatuta. Bero-bolada luzeak direnean, lurrak hezetasuna oso azkar galtzen du lurrunketaren ondorioz, eta horrek landareen sustraiak lehortzea dakar, ur-falta konpentsatu ezean. Bestetik, tomateek, piperrek eta berenjenek eguzki-kolpe zuzenak jasaten dituztenean, azaleko erredurak izaten dituzte eta fruituak galtzen dira askotan. Tenperaturak 30-35 °C-tik gora mantentzen direnean, landare askok (adibidez, babarrunek edo tomateek) loreak bota egiten dituzte, fruiturik eman gabe. Landare batzuen bizi-zikloa asko azkartu daiteke, gainera; ondorioz, fruituak txikiagoak dira eta zapore zein testura aldetik eskasagoak.

Udako beroaldien ostean, urriko ezohiko tenperatura altuek udazkeneko eta neguko landaketak (azak, brokolia, porruak) zailtzen dituzte, landare horiek giro freskoagoa behar baitute behar bezala garatzeko. Beroak eta giro lehorrak armiarma gorria, afidoak (landare-txorroak edo landare-zorriak) eta tximitxak bezalako izurriteen ugalketa masiboa errazten dute.

Urrian, behin udako produktuak gutxituz doazenean eta negukoak ateratzear direnean, baratzeko lurra ongarritzea eta prestatzea funtsezkoa da udaberrian uzta oparoa eta osasuntsua lortzeko. Nekazariek esan ohi dutenez, "udaberriko uzta neguan hasten da lantzen".

Bigarren Solairuko gure estudioetan Irene Seminario eta Eider Etxeberria @lamutilhuerta-ko lagunak izan ditugu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!