Nola hobetu dezake digitalizazioak gure mugikortasuna?

Euskalerria irratia

Mugikortasun jasangarriaz, mugikortasun-sistema jasangarri eta bidezko baterako eskubideaz eta teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerez hitz egin dugu Aritz Romeo legelariarekin. Izan ere, digitalizazioak gure joan-etorriak erraztu ditzake, baina aplikazio batek ez ditu berez konpontzen garraioaren arazo guztiak.

Garraioa berotegi-efektuko gasen isurketen iturri nagusietako bat da, eta autoarekiko dugun mendekotasuna murriztea funtsezkoa da mugikortasun jasangarriagoa lortzeko. Horretarako, ordea, ez da nahikoa gasolina bidezko autoak elektrikoekin ordezkatzea: garraio publiko erabilgarria, oinez eta bizikletaz ibiltzeko ibilbide seguruak eta herritarren beharretara egokitutako zerbitzuak behar dira, landa-eremuetako biztanleak ahaztu gabe.

Testuinguru horretan kokatzen da Mugikortasun Jasangarriaren Legea, mugikortasun-sistema jasangarri eta bidezko batez gozatzeko eskubidea aitortzen duena. Baina zer esan nahi du horrek praktikan? Eta zer egin behar da eskubide hori benetakoa izan dadin? Plangintza, finantzaketa eta zerbitzuen kalitatea ebaluatzea ezinbestekoak dira.

Teknologiak ere badu zeresana. Datuak bildu eta partekatzeak garraio-eskaintza hobeto antolatzen, ordutegiak eta ibilbideak koordinatzen eta erabiltzaileei informazio zehatzagoa eskaintzen lagun dezake. Nafarroan, Tu Villavesa eta NBus bezalako tresnek erakusten dute digitalizazioak eguneroko joan-etorriak erraztu ditzakeela. Hala ere, datu gehiago izateak ez du berez autobus-maiztasuna hobetzen, ezta garraio publikoa behar bezala finantzatzen ere.

Horrez gain, datuen erabilerak bermeak behar ditu: pribatutasuna, zibersegurtasuna, irisgarritasuna eta diskriminazioa saihesteko neurriak. Aritz Romeok nabarmenduko duenez, teknologia pertsonen eta gizartearen zerbitzura egon behar da, eta ez alderantziz. Horregatik, teknologoen, legelarien eta herritarren arteko elkarlana funtsezkoa da mugikortasun bidezkoagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!