Denok dakigu hiltzeko jaioak garela. Ez dakigu heriotzaren ondoren beste mundu bat ote dagoen, baina heriotzaren inguruan mundu bat dagoela argi dut. Gurean hainbat hileta-erritu izan ditugu. Gaur egun, gorpuak hilerrietan lurperatzen dira; lehen, berriz, etxeetan edota hauen alboko soro edo baratzeetan ehorzten ziren. Hori baino lehen, Brontze Aroan, trikuharri itxurako hilarrien azpian lurperatzen ziren, eta ez edonola: hildakoen burua ekialdera begira jartzen zuten, bertatik ateratzen baitzen eguzkia. Trikuharri hauen ondoan suaren aztarnak aurkitu dira, argiak garrantzi handia baitzuen.
XIII. eta XIV. mendeen artean, gure hildakoak elizetan ehorzten hasi ziren, kristautasuna erabat ezarrita zegoela. Etxe bakoitzak bere jarlekua edo hilobia zuen elizaren barruan. Diru gehien zutenek aldaretik gertuago zuten, eta pobreenek, aldiz, mendebalderago.
Baserrietan sukaldea da etxeko tokirik nabarmenena. Bertan dago elementu nagusia: sua. Bizi-seinalea eta jabego-marka da. Horregatik, etxeko andreek argizaiola eramaten zuten elizara, jarlekuan paratzeko. Argizaiola hitzak "argizariaren ohola" esan nahi du, eta etxearen eta hilobiaren arteko lotura sinbolikoa irudikatzen du. Zaraitzun eta Aezkoan, adibidez, emakumeak beltzez janzten ziren eta saski batean argizarizko biribilki bat zeramaten eskuetan. Fuesa izeneko altzari txikia ere hedatu zen Nafarroan; bertan kandelak jartzen ziren. Argizaria erleek egiten zuten, eta ezinbestekoa zen elizara eramaten zena erleek egindakoa izatea. Horregatik, etxeko norbait hiltzen zenean, erleei abisua eman behar zitzaien; bestela, erlauntza hil zitekeela pentsatzen baitzen. Orduan, kolpe goxoak emanez, ahopeka ondorengo esaera esaten zitzaien: "Erletxoak, erletxoak, egizue argizaria; nagusia hil da eta elizan argia behar da". Gaur egun, hilerrietan, argia eta argizaiolak loreengatik aldatu dira.
Elizako kanpaiek ere modu berezian abisatzen zituzten bizilagunak heriotzak gertatzen zirenean. Hiru kanpai-jokera zeuden. Batetik, hil-kanpaiak, oraindik ere herri batzuetan mantentzen direnak. Bestetik, agonia izenekoak; hauek pertsona bat hilzorian zegoenean jotzen ziren: 33 aldiz jotzen bazuten, gizonezkoa zen hilzorian zegoena, eta 32 aldiz jotzen bazuten, emakumea. Eta, azkenik, mortitxuelo izenekoa, lehen jaunartzea baino lehen hiltzen zen haurraren heriotzaren berri emateko.
Duela denbora bat, beilatokia etxean egiten zen. Familiak herriko jendeari janaria eta edaria eskaintzen zion, eta hildakoa egun batez etxean eduki ostean eramaten zuten elizara, ondoren hilerrian lurperatzeko. Hilerrian haurrak aspertu egiten ziren eta bertan topatutako hezurrekin tortolosetan aritzen ziren. Hilerrietan asmatu zen tortolosen jolasa; "juego de las tabas" esaten zaio gaztelaniaz.