Valmedianoko kastroa Tafalla ekialdean kokatzen den bailara bat da, eta bertan aztarnategi bat baino gehiago dago. Aranzadi Zientzia Elkarteak Burdin Aroko herrixka zegoen eremuan abiatu ditu lanak aste honetan. Lanak zuzentzen Mattin Aiestaran arkeologoa dabil: “Hiru aztarnategi dira guztira, eta bertan hainbat lan egin dira azken urteetan, Brontze Aroko aire zabalekoetatik hasi eta Erdi Aroko aztarnetaraino. Gure indusketa lehenengo aztarnategian egiten ari gara, Valmediano 1 Burdin Aroko herrixka gotortuan, hain zuzen ere”.
Nafarroako Gobernuko inbentario arkeologikoaren barruan kokatuta dago Valmedianoko herrixka. 2008tik lurrazaleko hainbat miaketa egin dira, baina lehenengo aldia da indusketak egiten direla. Aiestaranek adierazi digunez, “urtebete daramagu aurretiazko lanak egiten. Hegaldi bat egin genuen topografia erregulartasunean ezaugarritzeko eta harresi-lerroak ongi topatzeko. Miaketa geofisikoak ere egin ditugu, eta horri esker badakigu hiru terraza nagusitan dagoela antolatuta eta lurpean aztarna arkitektonikoak daudela. Orain, balizko aztarna batzuk aukeratu ditugu eta zundatuko ditugu”.
Aztarnategiaren kronologia zehaztea dute helburu, eta egunotan egingo dituzten lanetan eraikin horiek nolakoak diren eta zenbat fase dituzten jakingo dute. “Aztarnategiak potentzial handia du eta harribitxi bat da. Lehen kolpean ikusten ari gara elementuak oso ongi mantentzen direla”, aurreratu du Aranzadiko kideak.
Aurkitutako aztarnek duela 2.500 eta 2.800 urte inguru dituztela uste du Aiestaranek. “Burdin Aroko lehen mendeetaz ari gara. Orduan hasi ziren lehen herrixka gotortu egonkorrak gure lurretan. Harresiak deigarriak egin zaizkigu, ez bakarrik oso ongi kontserbatu direlako, baita monumentaltasun-puntu nabarmena dutelako ere. Harresi ikusgarriak zirela pentsatzen dugu, eta lan handia hartu zutela eraikitzeko. Jendarte landatarra zen, nekazaritzatik eta abeltzaintzatik bizi zena, baina, aldi berean, gerlariak ziren, harresidun herri batean bizi baitziren. Nahiko trinkoki urbanizatutako herrixka baten aurrean gaude eta 15 etxe inguru topatu ditugu. Nahiko herri koxkorra garai hartarako”.
Tafallako Udalak bultzatu du proiektua, eta urriaren 31n auzolana antolatu dute. Goizeko 9etan jarri dute hitzordua, Tafallako tren-geltoki parean. Aztarnategira bisita egingo dute, eta astean zehar lortutako emaitzak partekatuko ditu Aranzadik bertaratzen direnekin.
Euskalerria Irratiko 'Bigarren Solairua' saioan izan dugu Mattin Aiestaran, Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea eta Valmedianoko indusketako zuzendaria.