Naiara Urkijo (Taupa): “Gau Beltza oraindik antolatzen ez dutenentzako gakoak eskainiko ditugu”

Euskalerria Irratia

Urriaren 28an jardunaldia antolatu du Taupak Iruñeko Ponpelo Civivoxean. Nafarroan Gau Beltza antolatzen duten hainbat erakundek parte hartuko dute

Komunikabide guztietan eta publizitate kanpaina gehienetan egun hauetan errepikatzen den hitz nagusia Halloween da. Globalizazioak eta kontsumismoak eraman gaitu jai hori ongi ezagutzera eta gure inguruan ere kopiatzera. Baina Euskal Herrian urriaren 31ko eguna eta gaua ere ospatzen zen aspalditik. Eta izena ere badu, gau beltza edo arimen gaua. Gau beltzaren loraldia bizitzen ari gara eta ospakizuna berriro ere kalean da.

Taupa, euskaltzaleen mugimenduak 2018an abiatu zuen usadio zahar honen berreskuratze lana. Naiara Urkijo, Taupako kidearen esanetan, “zortzi urteotan Gau Beltzak bide emankorra egin du: herritar askok ospakizuna deskubritu eta bere egin dute gure arbasoen usadioa, gaur egun, modu batera edo bestera, formatu txiki zein handiagoetan, Euskal Herriko txoko gehienetan ospatzen delarik”.

Aurten bi formazio saio eskaini ditu, ospakizunaren inguruko pedagogia hedatzeko helburuarekin. Urriaren 13 eta 21ean izan dira. Urriaren 28an berriz, jardunaldi bat antolatu du Iruñeko Ponpelo Civivoxean,  18:30ean. Helburua Nafarroan errituaren antolakuntza sustatzea da, eta horretarako, Gau Beltzari buruzko eduki pedagogikoa eta herrietako esperientziak uztartzen dituen programazioa prestatu dute.

Jardunaldian parte hartuko dutenen artean Jaime Altuna dago. Antropologoa da, EHUko irakaslea eta Itzalitako kalabazen berpiztea liburu interesgarria kaleratu zuen duela urte batzuk Josu Ozaitarekin batera, 2016an abiatutako ikerketa baten ondorioz.

Euskalerria Irratiko Bigarren Solairua saioan Naiara Urkijo Taupako kidea eta Jaime Altuna gonbidatu ditugu Gau Beltzaz aritzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!