Eneka Maiz: “Koalizio formaren alde zen EH Bildu baina ez da posible izan; beto gurutzatuak egon dira”

Euskalerria Irratia

UPN-PPren eta ultraeskuinaren mehatxuaren aurrean, Madrilen ordezkaritza lortzeko «Alderdi Sozialistaren ezkerretara dagoen aukera eraginkor bakarra» direla defendatu du EH Bilduren Nafarroako Kongresurako zerrendaburuak.

Eneka Maiz Ulaizar etxarri-aranaztarrari ez zaio arrotza politika mundua. Ofizioz euskara teknikaria bada ere, herriko alkatea izan zen, eta gaur egun Nafarroako Parlamentuko EH Bilduko legebiltzarkidea da. Orain, erronka berri bati heldu dio: 2026ko azaroaren 29ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, EH Bilduren Nafarroako Kongresurako hautagaitzako burua izanen da.

"Nafarroan eskuinaren eta ultraeskuinaren arteko mimetizazioa izugarria" dela adierazi du Maizek. Ildo horretan, UPNren eta Sergio Sayasen arteko harreman gatazkatsua aipatu du, nahiz eta biak hautagaitza berean aurkeztuko diren. Maizen iritziz, UPNk Nafarroako erregimen foralaren aldeko diskurtsoa alde batera utzi du erabat, eta espainiar eskuinen itsasoan urtzeko prozesuan legoke. Egoera horren aurrean "lan politiko sendoa" egin behar da, eta EH Bilduk zeregin estrategikoa du eszenatoki horretan.

Maizek aliantza horrek udal hauteskundeetan izan ditzakeen ondorioak ere aztertu ditu. Haren arabera, Alderdi Popularrarekin egindako akordioak UPNren posizioa ahuldu dezake Nafarroako joko zelai politikoan, alderdia "nafartasunetik eta foraltasunetik oso aparte" utzita. Horrenbestez, EH Bilduren ustez, aliantza horrek ez dio UPNri lagunduko Nafarroako errealitate politikoan duen tokia sendotzen.

Geroa Baik egindako akordio proposamenari dagokienez, Maizek argi adierazi du horrelako itunak diskrezioz eta aurretiazko lan politikoaren bidez landu behar direla, "sukalde lanean", alegia. Bi indarren arteko elkarrizketak egon direla baietsi du Maizek, baina, besteak beste, "beto gurutzatuen" ondorioz, akordiorako aukerak aldendu egin zirela.

EH Bilduk, hala ere, egoera horretan bere posizioa indartzeko aukera ikusten du. Maizen esanetan, EH Bildu da Nafarroan "sozialisten ezkerretara dagoen aukera eraginkor bakarra Madrilen ordezkaritza lortzeko". Horregatik, bere burua "etxe sendo eta batu" gisa aurkeztu du, eta ultraeskuinaren eta faxismoaren aurrean muga politiko argiak ezartzeko konpromisoa berretsi du. EH Bilduren esanetan, herritarren beharrak eta gizarteak behar dituen elementu guztiak defendatzea izanen da haren jardunaren ardatza.

Azkenik, baikortasunerako arrazoiak daudela defendatu du Maizek. «Botila erdi betea ikusi nahi dugu», azaldu du Maizek, eta EH Bilduk "bi ordezkari lortzeko aukera" duela adierazi du. Nazioarteko testuinguruak helburu hori lortzen laguntzen ez badu ere, Brasilen gertatutakoak itxaropenerako bidea irekitzen duela uste du, bestelako eszenatoki politiko bat posible dela erakusten duelako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!