Errigorak espaziora bidaiatzeko gonbita luzatu digu aurten, Euskarari Puzka kanpainaren bidez. «Sustraietatik espaziora» da aurtengo leloa, eta horrekin batera, Nafarroako hegoaldeko ekoizpenak eta euskara sustatzeko ekimen honen edizio berria jarri dute martxan.
Urriaren 22tik azaroaren 12ra bitartean, Errigorako saskiak eskuratzeko aukera izanen da. Bertako produktuak etxera eramateko, tokiko ekoizleei laguntzeko eta Nafarroako hegoaldean euskara hauspotzeko aukera, bokadu goxoak dastatuz. Ohiko saski eskaintzaz gain, aurten bultzada berezia eman nahi diote Lodosako Ibaialde ikastolari. Horretarako, produktu berezi bat ere prestatu dute: landatu daitekeen egutegi bat.
Kanpainaren leloari jarraituz, berriki estreinatu dute Sustraietatik espaziora dokumentala ere. Errigoraren ibilbideari begirada bat eskaintzen dio ikus-entzunezkoak. Dokumentala Errigoraren webgunean dago ikusgai.
Eta egutegian gorriz markatzeko beste hitzordu bat ere badute. Azaroaren 7an, Ablitasen, kutxak prestatzeko auzolan erraldoia eginen dute. Aurten, guztira, 9.000 kutxa egitea dute helburu, elkarlanaren eta auzolanaren bidez.