Vito Quiles Iruñean izan zen eta horren inguruko bi irakurketa entzun ditut. Lehena: istiluak sortzen badira, bilatzen duena ematen zaio. Bigarrena: jendeak ez badio aurrez-aurre kontra egiten, lau urte barru elkarretaratze faxistetan 2.000 lagunek hartuko dute parte. Zuk zer diozu?
Nire ustez, jarrera aktibo bat izan behar dugu faxismoaren eta oldarraldi erreakzionarioaren aurrean, eremu guztietan. Izan daiteke holako bisiten aurrean, izan daiteke maila sozialean, izan daiteke bazkari batean, kalean... Iruditzen zait egoera oso larria dela eta aktibatu egin behar garela. Hori bai, iruditzen zaigu aktibazio honena dela hemen demostratzea posible dela bestelako eredu bat sortzea; izan ere, faxismoak elikatzen duena ez da hainbeste ideien mundua; faxismoak elikatzen duena da krisi sistemiko bat, eta krisi sistemiko horren aurrean bi alternatiba daude. Bata da populazioaren zati handiak desjabetzea, eta bestea, birbanaketa politikak egitea eta denon mesederako izango den eredu berri bat sortzea. Eta iruditzen zait hor energia gehiago behar ditugula. Beraz, bai, faxismoari aurre egin behar zaio, kalean ere bai, baina bereziki alternatiba birbanatzaileak eratu behar dira eta Euskal Herrian badugu, gainera, horretarako aukera.
Gero gaitzespenak etorri ziren. Horrek beste garai bateko dinamika politikoetara lerratzen gaitu.
Indarkeriaren inguruan, aipatu duzun bezala, bai, iraganeko errelatoetan trabatuta jarraitzen dute eragile batzuek, baina nik uste dut momentu honetan argi eta garbi esan behar dugula Nafarroan eta Euskal Herrian orokorrean eredugarria dela zer-nolako jarrera dagoen indarkeriarekiko, iruditzen zait beste herrialde batzuekin konparatuta eredugarria dela. Esaterako, indarkeria matxistaren aurrean, edota bestelako indarkeriaren aurrean hemen egiten diren diskurtsoak eta, batez ere, praktikak eredugarriak dira. Hemen elkarbizitza eraikitzeko ahalegin handiak egiten ari gara, jendarte bidezkoago bat eraikitzeko ahalegin handiak egiten ari gara eta indarkeria mota oro desagerrarazteko. Beraz, holako anekdotekin gelditzeak iraganeko errelatoak erreproduzitzeko ez dio batere mesederik egiten Nafarroan eta Euskal Herrian egiten ari garen, eraikitzen ari garen etorkizuneko jendarte horri.
“Guk kontraboterean dihardugu. Edonola ere, politika instituzionalarekin ezin da iraultza egin, langileen presioarekin aurrerapen handiagoak egin daitezke”
Euskal Herria gelditzera deitu duzue LABetik, Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzako greba dela azpimarratuz.
Guk hemen ikusten dugu badagoela Euskal Herrian borroka sozio-sindikalak egiteko potentzial bat, badagoela hegemonikoa den eredu sindikal bat, kontraboterezko eredu sindikala, eta, gainera, badagoela gero eta nabarmenagoa den gehiengo bat plantatzen duena Euskal Herrian eraldaketa prozesu bat martxan jarri behar dela, eta gutxieneko soldata, zaintza eta etxebizitza bezalako aferetan egiturazko neurriak hartu behar direla. Guk konfiantza horretatik ekin diogu greba orokor honen prestaketari. Deialdia eta eztanda soziala gertatu da estatu mailan, bai, baina hemen, Euskal Herrian, badaude baldintzak deialdi propio bat egiteko eta Euskal Herria gelditzeko, Euskal Herritik Euskal Herrira ibilbide bat egiteko, jada iraganetik datorrena. Kontutan hartu dezagun estatuan 2012tik ez zela deitzen greba orokor bat, baina hemen 2020tik bosgarren greba orokorra da egingo duguna.
Euskal Herrian botere kontrabotere dinamika oso luze batetik gatoz. Galdera dikotomikoa eginen dizut, baina azken hamaika urteotan Nafarroa Garaiko erakundeetan bestelako aukerak zabaldu dira. Beraz: boterea ala kontraboterea?
Kontraboterea. Nire kasuan kontraboterea, sindikatuaren funtzioa eta misioa baita langileria antolatzea kapitalaren eta patronalaren aldekoa den jokaleku horretan indar harremanak eraldatzeko. Besterik da guk kontrabotere hori artikulatzen dugunean, argi eta garbi esatea gure anbizioa ez dela beti horrela ibiltzea eta beti horrela bizitzea. Guk egin nahi duguna da eredua bera aldatu, joko arauak aldatu, eta horretarako, argi eta garbi, boterea hartu beharra dago. Boterea eremu guztietan, lan eremuan, kalean eta baita eremu instituzionalean ere. Guk balio handia ematen diogu eremu instituzionalean dauden aukera guztiak arakatzeari, jakinda eremu instituzionalean ere mugak badirela. Negoziazio kolektiboan bezala, guk hitzarmen bat sinatzen dugunean ez dugu lortzen hitzarmen horren bidez ekoizpen bideen jabetza langileen eskuetara pasatzea; lortzen ditugunak dira aurrerapenak, aukera ematen dutenak boteretzeko langileria eta erronka berriei heltzeko. Eta iruditzen zaigu ere irizpide bera aplikatu behar dela politika instituzionalari dagokionez. Politika instituzionalarekin ezin da iraultza egin, baina ematen diren aurrerapenak langileen presioari esker are eta handiagoak izan daitezkeenak, inportanteak dira.
Euskal gehiengo sindikalak eta etxebizitza sindikatuek greba azaroaren 11n eginen duzue, UGTk eta CCOOk Espainian nola. Zergatik?
Horixe izan zen erabaki behar genuen lehenengo gauza: ze egunetan deituko genuen greba orokorra. Greba orokorraren testuinguruan geundela jakin bagenekielako. Egun berean egiteko lehen arrazoia izan zen, eztanda sozial bat eman dela, sindikatuoi dagokigula eztanda sozial hori kanalizatzea eta horretarako bi egun diferente planteatzeak interferentzia bat sortuko zuela, ez zuela lagunduko eztanda sozial horren potentzialitate guztiak askatzen. Baina, gainera, iruditzen zaigu egun berean deitu baina mobilizazio propioak eta diskurtso propioa eginez Euskal Gehiengo Sindikalak baduela aukera ezin hobea bere ibilbidean urrats berri bat emateko. Izan ere, aipatu dudan bezala, 2012tik lehen greba orokorra da estatuan egingo dena, baina hemen bosgarren greba orokorra izango da, eta guk ez diogu inolako beldurrik estatuko marko horrek jango gaitzan; aitzitik, guk jango dugu estatuko markoa eta Euskal Herria izango da erreferentzia, argi eta garbi. Guk konfiantza horretatik ekiten diogu grebari. Egia da ELAk beste proposamen bat egiten zuela hasieran...
Hala da, ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak gure mikrofonoen aitzinean esana du haiek greba beste egun batean egin nahi zutela, markoa ongi finkatzeko, grebako aldarrikapenak Hego Euskal Herriko gobernuei zuzentzeko. Ze harreman duzue ELArekin?
Harremanak maila pertsonalean onak dira. Atzo bertan egon nintzen Mitxelekin eta maila pertsonalean oso harreman ona daukagula esan dezakegu. Gauza asko partekatzen ditugu, baina estrategiari dagokionez, ikuspegi desberdina dugu eta hori nabarmentzen da erabaki desberdinetan. Kasu honetan egia da ELAk egin zuela proposamen bat, LABek egin zuen beste bat eta azkenean egon zen hor deliberamendu prozesu bat, hor egon ginen sei sindikatu eta bi etxebizitza sindikatu eta zortzien artean adostu genuen formularik onena dela LABek, planteatzen zuen bezala, egun berean deitu baina mobilizazio propioak antolatuta. Kasu honetan esanen dut LAB sindikatu laboral eta etxebizitza sindikatua dela, izaera bikoitza da. Zortzien artean heldu garen adostasunari guk balio handia ematen diogu. Iruditzen zaigu horrek ahalbidetzen digula indar posizio batetik ekitea greba orokor honen prestaketari.
A11ko greban, ze eskaera dituzue patronalarentzako?
Guk ikusten duguna da patronalak etekinak metatzen jarraitzen duela langileon kontura eta hori egiteko, bi bide nagusi erabiltzen ditu. Alde batetik, plusbalia, termino klasikoetan esanda. Plusbalia bat ateratzen digu langile guztioi. Beste alde batetik, gero eta gehiago rentismotik, hau da, etxebizitzaren inguruko espekulaziotik langileoi plusbalia bat ateratzen digu, kasik erregimen feudal batean egongo bagina bezala. Bi bide horietatik patronala gero eta aberatsagoa da, kapitala gero eta aberatsagoa da eta langileak gero eta pobreagoak gara. Orduan, guk planteatzen duguna da bi fronte horietan, bai fronte laboralean, bai etxebizitzaren frontean, klase borroka indartzeko momentua dela eta iruditzen zaigu Euskal Herrian hori egiten ari garela. Momentu honetan bi aldarrikapen zentral ditugu: soldaten eremuan, gutxieneko soldata propioa bertako errealitateari egokitua egongo dena, gutxienez 1.500 eurokoa, soldatak orokorrean hobetzea, erosahalmena bermatzea, baina bereziki gutxieneko soldata propioa. Eta etxebizitzaren frontean, espekulazioarekin amaitzeko neurri sorta.
Hego Euskal Herriko gobernuetako etxebizitza arduradunei, Begoña Alfarori zein Denis Itxasori, bilerak eskatu dizkiezue. Zer eskatuko diezue?
Beraien eskumenen baitan neurriak har ditzaten espekulazio prozesu hauekin guztiekin amaitzeko. Badituzte eskumen zabalak eta orain arte ez dituzte behar bezala erabili. Guk beti esango dugu eskumen gehiago nahi ditugula, alegia, autogobernua zabaldu nahi dugula lan harremanetan, babes sozialean edota etxebizitzan erabakiak hartu ahal izateko. Lan harremanetarako esparru propioa, babes sozialerako esparru propioa nahi dugu. Edonola ere, egun dituzten eskumenekin Begoña Alfarok eta Denis Itxasok askoz gehiago egin dezakete. Zer? Esaterako, momentu honetan Testa funts putrearen mehatxupean dauden 500 familien kasuan, Nafarroako Gobernuak desjabetu ditzake etxebizitza horiek. Diru publikoarekin eraikitako etxebizitzak izan dira eta desjabetu ditzake eta bermatu dezake 500 familia horiek jarraituko dutela bizitzen etxebizitza horietan. Oso ekimen eta oso ekintza zehatza da eta horrelako ekintza zehatzak hartzea eskatzen diegu bertako arduradun politikoei.
“ELArekin, Mitxel Lakuntzarekin, harreman pertsonalak onak dira. Gauza asko partekatzen ditugu, baina estrategiari dagokionez ikuspegi desberdina dugu”.
Nafarroako Gobernuak iragarri du Testarekin negoziatzen ari dela, etxe horiek berreskuratzeko. Zer iruditzen zaizu?
Gure inpresioa da Nafarroako Gobernua mugitzen hasia dela, eta Nafarroako Parlamentua ere bai. Uste dut eremu politikoan ere kontzientzia bat badagoela. Etxebizitzaren arazoa lehen mailakoa dela eta irtenbidea eman behar zaiola ikusten dute. Udaberrian lege bat onartu zez, LABen ekimenez besteak beste, babes ofizialeko etxeekin espekulatu ez dadin, baina arazoa da babes ofizialeko izaera hori galdua duten etxebizitza horiekin zer gertatzen den, esaterako, Testako etxebizitza hauekin. Eskatzen duguna da gobernua etxebizitza horietaz jabetzea. Datozen asteetan eztabaidatuko diren Nafarroako Gobernuaren aurrekontuetan, bada diru partida bat aurreikusita 500 etxebizitza hauek, nolabait, berriro ere eremu publikora pasatzeko. Nahikoa da? Ez, ez da nahikoa, baina da urrats inportante bat, urrats pedagogiko bat, potentzial bat daukan urratsa. Iruditzen zaigu urrats horren atzetik beste batzuk etorri behar direla eta argi eta garbi hemen ikusten duguna da alokairuen prezioak mugatzearekin batera eta Nafarroa osoa, Euskal Herri osoa eremu tentsionatu izendatzearekin batera, etxebizitza parke publikoa zabaldu eta indartu egin behar dela. Hor guztiek daukate zeregina, udalek ere bai, udalek, Nafarroako Gobernuak, instituzio desberdinek badute iniziatibak hartzeko aukera eta beharra.
Espainiako Gorteetarako hauteskundetako kanpaina greba egin eta bi egunera abiatuko da eta maiatzean udal eta foru hauteskundeak dauzkagula. Ingurumari horretan, zer ondorio eduki dezake Espainiako zein Hego Euskal Herriko gobernuen aurka protesta eginen duen greba batek?
Bi ondorio izan ditzake. Lehenengo ondorioa da agenda politikoan aldaketa bat eragin dezakeela; izan ere, azken hilabete hauetan ikusten ari garena da eskuinaren eta eskuin muturraren ofentsiba izugarri bat. Marko diskurtsiboa ezarri dute, eta marko diskurtsibo horretan badoaz estatuko botere guztiak euren menpe kokatzera, eta hori lortzen badute hemen neurri atzerakoiak har daitezke, bai lan-mailan, bai maila sozialean eta baita denon eskubideei dagozkion gai estrategikoetan ere: feminismoa eta arrazakeriaren aurkako mugimendua, adibidez. Beraz, guretzat inportantea da ezkerreko eremuak, alderdiak, sindikatuak, eragile sozialak kontrasteak kontraste eta ezberdintasunak ezberdintasun aktibatzea eskuinari eta eskuin muturrari aurre egiteko. Baina bigarrenik ere, uste dut mobilizazio sozialetik ere argi eta garbi planteatu behar dugula agenda horretan zeintzuk diren lehentasunezko neurriak. Eta bereziki Nafarroari dagokionez, uste dut badela garaia anbiziotsuagoak izateko. Orain arte, nolabait demokratizatu Nafarroako bizitza politikoa, egia da hartu direla neurri batzuk aurrerakoitzat hartu daitezkeenak, baina ere fiskalitateari dagokionez, zerbitzu publikoen garapenari dagokionez, etxebizitzari dagokionez, oraindik oso motz geratzen da Nafarroako Gobernuaren politika.