Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako hautagai-zerrendak gaur gauerdian itxiko dira. Zerrendaburu gehienak ezagunak dira dagoeneko, baita maiatzeko foru- eta udal-hauteskundeetarako hainbat hautagai ere. Horien artean dago Uxue Barkos, Geroa Baik Nafarroako Gobernurako lehendakarigai izendatu berri duena. Horren ondorioz, Barkosek ez du Espainiako Senatuan jarraituko datorren legealdian; Geroa Bairen Kongresurako zerrendaburua Pablo Azkona izanen da eta Senaturako, berriz, Maite Espinosa.
Gaur goizean Euskalerria Irratiko estudioetan egindako elkarrizketan, Barkosek giro politikoaren polarizazioaz eta eskuin muturraren gorakadaz hitz egin du, eta azpimarratu du inoiz baino garrantzitsuagoa dela eskuina agintetik urrun mantentzea. Horretarako, indar aurrerakoien arteko elkarlana eta auzolana aldarrikatu ditu. Bide horretan, pena agertu du Gorteetarako hauteskundeei begira zerrenda bateratua osatzea ezinezkoa gertatu delako.
Azken hamabost urteetako ibilbidearen balantzea egiterakoan, aitortu du PSNrekin batera egindako bidea ez dela beti erraza izan, baina ohartarazi du UPN berriro Nafarroako Gobernura iritsiko balitz, hainbat belaunaldik oraindik ezagutzen ez duten errealitate politikoari aurre egin beharko lioketela. Azkenik, etxebizitzaren arazoarekiko kezka agertu duen arren, ez dator bat hauteskundeen aurretik deitutako greba orokorrarekin, eta gai honen inguruan zenbait eragilek duten jarrera hipokritatzat jo du.