Insomnioa edo loezina lo egiteko ezintasuna edo zailtasuna da, bai loak hartzerako orduan, bai loari jarraipena emateko garaian. Loaren nahasmendu ohikoetako bat da eta eguneroko bizitzan eragin handia izan dezake.
Loa hartzeko ezintasuna zenbat luzatzen den kontuan hartuta, insomnio mota desberdinak daude. Iragankorrak egun gutxi batzuk baino ez du irauten, gehienetan estres puntual baten ondorioz. Iraupen laburrekoak ere badira, hiru aste arte luzatu daitekeenak. Baina loezina kroniko ere bihurtu daiteke. Hau kasurik larriena da, hiru hilabete baino gehiagoz luzatzen denean.
Loezina agertzeko faktoreak asko izan daitezke. Ohikoenak, estresa, urduritasuna, antsietatea edota depresioa dira. Baina ohitura txarrak mantenduz gero ere insomnioa izateko arriskua dugu. Adibidez, ordutegi aldakorrak baditugu, afari oparoak egiten baditugu edota oheratu aurretik mugikorra erabili eta telebista ikusten badugu. Oheratu aurretik kafea, alkohola eta tabakoa kontsumitzeak ere ez du laguntzen.
Hobeto lo egiteko, zenbait gomendio egin dizkigu Pello Iturria, Bigarren Solairuko Estafetako botika atalean. Esaterako, ordutegi finko bat mantentzea, giro egokia sortzea, pantailak urrun izatea edota ariketa fisikoa egitea. Halaber, lo egiteko orduan lagungarriak diren sendabelarrak gomendatu dizkigu: belar bedeinkatua, elorri zuria, Kaliforniako mitxoleta, garraixka, izpilikua eta pasiflora.