Uda amaitzearekin batera, sukaldeak eta gastronomia trantsizio garai baten lekuko izaten ari dira egunotan. Udako produktuak azkenetan dauden arren, aurtengo denboraldia ohi baino gehiago luzatu da tenperatura epelen ondorioz eta merkatuetan oraindik ere tomateak, piper berdeak eta alberjiniak erosi ditzakegu. Hegaluzea eta pikillo piperrak bukatzen ari diren bitartean, udazkeneko protagonistak hasi dira indarrez sartzen, bereziki onddoak eta fruitu lehorrak.
Fruitu lehorren denboraldia ate-joka dagoela, intxaurrak, urrak eta pistatxoak iristear dira gure sukaldeetara. Sektore honek sustrai sendoak ditu gure lurretan, eta horren adibide garbiak topa ditzakegu Nafarroan. Alde batetik, Murchanteko pistatxo-ekoizleek kalitatezko produktua hornitzen dute urtero. Bestetik, Basaburuan kokatutako Basabiotza proiektuak lan handia egiten du urrak eta gaztainak landatzen eta eraldatzen. Ekoizpen horrekin guztiarekin pastak, kremak, irinak eta baita pateak ere egiten dituzte. Sukaldean duten balioari dagokionez, fruitu lehorrak tradizionalki intxaur-saltsa bezalako postreetan erabili izan badira ere, gaur egun gero eta presentzia handiagoa dute plater gazietan.
Gure gaztandegiek ere leku nabarmena dute gaur egungo panoraman. Aurretik Auzperriko Pirineki, Olagüeko Tia Maritxu edo Arruazuko Albi gazten berri eman badugu ere “Lapiko artean” atalean, oraingoan Otsakaingo gaztandegia ezagutu dugu. Bertan, ahuntz-gazta eta ahuntz-ardi nahasketak egiten dituzte esne gordinarekin. Prozesu honetan esnea tenperatura zehatz bateraino berotzen da baina pasteurizatu gabe, eta horri esker esnearen berezko zapore eta usain guztiak mantentzen dira. Ekoizpen honen emaitza pasta gogorreko gazta bat da, ahuntz-gaztari dagokion zapore fin eta suabea duena, ohiko intentsitatetik aldenduta.
Sasoiko produktu hauen guztien arteko lotura sukaldera eramateko, ahuntz gazta eta urrak uztartzen dituen errezeta-proposamen bat luzatu digu Julen Urtasun sukaldariak, bi osagai hauen arteko konbinazio bikaina erakusten duena. Gazta-tarta berezi hau egiteko, etxean ditugun gailetak edo intxaur batzuk txikitu, urra-krema eta txokolate beltz urtuarekin nahastu, eta molde baten oinarrian zabaltzen dira hozkailuan gogortzen uzteko. Gainean, ahuntz gaztarekin eta gelatinarekin aberastutako krema pastelera jarri, eta lau edo bost orduz hozten utzi behar da. Fruitu lehorren eta esnekien arteko konbinazio honek aukera ugari eskaintzen dizkie etxeko sukaldariei urtaro aldaketa honi zaporerik onena ateratzeko.