Odolkiak Ordainetan taldeak bere bigarren disko luzea kaleratu du, Gure tenplu galduak izenburupean, hamar urteko itxaronaldi luzeari amaiera emanez. “Azkeneko urte hauetan, nahi eta ezinean ibili gara. Gogo faltagatik, beste musika proiektu batzuetan ibili garelako edota bestelako ardurak izan ditugulako, elkartzeko eta disko bat prestatzeko ez dugu momentua aurkitu. Gure artean askotan hitz egin dugu buru belarri jartzeko momentua zela, eta azkenean lortu dugu”, azaldu du Amaiur Esparza abeslariak.
Urko Araiz (gitarra), Xabier Oses (kontrabaxua), Iñaki del Río (bateria) eta Amaiur Esparza (ahotsa eta gitarra) osatzen dute laukote tafallarra. Sasoi betean eta inoizko soinu hoberenarekin itzuli dira oholtzara haien proiektu musikalari jarraipena emateko. Hain zuzen ere, Esparza Euskalerria Irratiko Irrintzi Plazako ‘Erreber’ musika oholtzan izan da lan berriaren xehetasunak azaltzen.
“Azkeneko urtean lan handia egin dugu diskoa prestatzen, kontzertuak albo batera utzita. Eta oso pozik gaude, bai konposaketetan, bai alor musikalean bai eta letretan ere eboluzio garbia nabaritu daitekeelako”, gaineratu du taldekideak.
12 kantuz osatutako diskoa da Gure tenplu galduak. Geldirik egon den gure taldeari egiten dio erreferentzia, baina baita azken hamabost urteetan Euskal Herrian bizi izan den egoera soziopolitikoaren aldaketari eta gazte izatearen amaierari ere. Hala ere, mezu ezkorretik haratago, taldeak itxaropenari leiho bat ireki nahi dio abesti hauen bitartez”.