Ortzadarrek Folklore Jardunaldien 40. edizioa ospatuko du Iruñean, tradizioaren esanahi berriak aztertzeko

Euskalerria Irratia

Zer gertatu da gure  folkorearekin? Zein da bere etorkizuna? Jakin dugu foklorea gaur egunera egokitzen? Eta, batez ere, nork eta nola ikertuko du folkloreari buruz? Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak Folklore Jardunaldien 40. edizioa antolatu du 2026ko udazkenerako, Nafarroako Ondare Materiagabearen Artxiboarekin elkarlanean. Karlos Irujo Ortzadar taldeko kidea izan da Euskalerria Irratian. 

Ikasketetatik foklorea baztertuta geratu dela dio Karlos Irujok, eta horrek kezka sortu die. Horregatik hausnarketa sustatzeko baliatu nahi dituzte 40. edizioa beteko duten Folklore Jardunaldiak. Kultura tradizionala gizartearen behar berrietara nola egokitzen den eta gure ohiturek, dantzek eta errituek nola hartzen dituzten esanahi berriak izango ditugu hizpide urriaren 23an abiatuko diren jardunaldietan.  "Oreka bilatu behar da" dio Karlos Irujok, "lan batzuk egiten dira folklorearen inguruan, baina gutxi. Aspaldiko izen handiak galdu dira eta azkenak geratzen gara", aitortu du penaz. 

Jardunaldien lehen hitzordua urriaren 23an izango da, 19:00etan, Ortzadarren egoitzan (Descalzos kalea, 65, behea). Bertan, Nafarroako Ondare Materiagabearen Artxiboaren XI. Jardunaldi Zientifikoa egingo dute, "Esanahi berriak" izenburupean. Saioak folklorearen kontzeptuaz, haren bilakaeraz eta kultura tradizionalaren adierazpenek gizartearen behar berrietara egokitzeko garatzen dituzten esanahi-berritze prozesuez hausnartzeko aukera emango du.

Azaroaren 6an, 19:30ean, balfolkaren inguruko mahai-ingurua egingo dute Pinaquy aretoan (Salestarrak, San Frantzisko kalea, 5). «Balfolk: ¿folklore en proceso?» izenburupean, kanpoko dantzen eta tokiko dantzen arteko harremanak aztertuko dituzte, baita dantza berriek tokiko folklore koreografikoan duten eragina ere. Egun horretan bertan, azaroaren 6tik 13ra, Ortzadarren egoitzan «Folklore Jardunaldien 40 urte: 40 urte ikasten egonak…» erakusketa ikusteko aukera izango da. Mikroerakusketak lau hamarkadako ibilbidea bilduko du, parte-hartzaileen, kartelen, programen, argitalpenen eta bestelako materialen bidez.

Azaroaren 12an, 10:00etan, Nafarroako Unibertsitate Publikoan beste saio bat egingo dute Ondareko graduko ikasleekin. Ekimenaren helburua da Gradu Amaierako eta Master Amaierako Lanen bidez kultura-ondare materiagabearen inguruan egindako ikerketak ezagutaraztea eta ikertzaile berrien lana sustatzea.

Egitaraua abenduaren 4an amaituko da, 19:00etan, Pinaquy aretoan, L’Air inconnu taldearen balfolk kontzertuarekin. Hirukoteak gaur egungo dantza tradizionalerako musika egiten du, bere konposizioak eta doinu tradizionalen moldaketak dantzaldietan eta jaialdietan bizitako emozioetan oinarrituta. Taldea Fabien Bucherrek, Dani Velascok eta Sylvain Poolek osatzen dute. Kontzerturako sarrera doakoa izango da.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!