ZIENTZIA UHINAK

Garazi Andonegi: “Urte oparoa eta etorkizunari begira gogoz uzten gaituena izan da"

Euskalerria Irratia

Elhuyar Zientzia atari digitalak bere lehenengo urteurrena bete du, formatu anitzen bitartez zientziaren dibulgazioa egiten

Euskaraz sortua, bertako ahots eta begiradekin, gure teknologiarekin eta mundu zabaleko edukiak ekarrita. Diseinu dinamiko eta funtzionalarekin eta 25.000 edukitik gora dituena. Elhuyar Zientzia atari digitalaz ari gara: zientzia.eus eta aldizkaria.elhuyar.eus atariak batuz aurkeztu zen webguneaz hain zuzen ere.

Zientzia eta teknologiako gaiak eskaintzen ditu, formatu desberdinetan: zientziaren arloko albistegiak eta bitxikeriak bideo laburretan; ingurumenari, feminismoari eta zientziari buruzko podcastak; elkarrizketak; euskal ikertzaileen begirada kritikoa eta iritzia; basabizitzaren argazkiak; herritarrek iritzia emateko espazioak; emakume zientzialarien efemerideak... “Saiatzen gara zientzia eta teknologia gizarteari gerturatzen ahalik eta modu eta formatu anitzenetan. Izan ere, egungo kontsumo ohiturak aldatu dira eta gure publikoa oso anitza da: haur eta gazteetatik, pertsona helduetara. Eskaintza koloretsua da”, adierazi du Garazi Andonegik, Elhuyar Zientzia atari digitaleko arduradunak.

Horretaz guztiaz gain, egungo gizarte-krisiak eta kezkak ere azalean jarriko ditu: osasun mentala, trantsizio ekosoziala, ingurumena, balioak... eta adimen artifiziala, nola ez.

“Espero baino emaitza hobeak jaso ditugu. Edukiekin oso pozik gaude eta urte amaieran berritasun gehiago eskainiko ditugu. Abenduan Elhuyar aldizkarian sorpresa bat topatuko duzue eta webgunean berriz, urtarrilean berritasunak datoz”, aurreratu du Andonegik.

Euskalerria Irratiko Bigarren Solairuan izan dugu Garazi Andonegi, Elhuyar Zientzia atari digitaleko zuzendaria.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!