Gehienontzat ezagunak dira kalean oinez joanda lurrean ageri diren tupustarriak. Oroimenerako baliagarriak dira. Frankismoan errepresioaren biktima izandakoak gogoratzea da, modu indibidual eta indibidualizatuan. Fusilatutakoak horiek gogoan izatea.Tupustarri horiei orain liburu bat gehitu zaio. Roldan Jimeno Aranguren Eskubidearen Historian Katedradunak ondu du haren aita zenaren lanari tiraka. Nafarroan barrena espaloietan jarriak dauden 515 tupustarrietako herritarren biografia jasotzeaz gainera, testuingurua, memoria historikoaren berreskurapenean Nafarroak izan duen garrantzia, nazioarteko kontestua, tupustarriak jartzeko ideiaren sorrera eta bukaerako hausnarketa bat ere jaso du, etorkizunera begira jarrita. Gaur aurkeztu du Roldan Jimenok berak liburua, Pamiela argitaletxeko kideekin eta Nafarroako Fusilatutako Elkarteko kideekin batera, haiek izan baitziren liburua egiteko aukera proposatu ziotenak.
Biktimak omentzeko modu asko daude. Nafarroan bezala nazioartean ere badira tupustarrien antzerako oroit-lekuak ere. Alemaniako stolpersteine-ak, naziek erahildakoak gogoratzen dituztenak, Argentinan eta Txilen ere nahikoa ezagunak dira antzerako oroitarriak. Tropezones Dorados a modo de adoquines izeneko liburuarekin tupustarrietan datorren informazioan sakondu nahi dute: 840 orrialdetan bildu du Jimenok tupustarri horien atzean dauden herritarren biografiak eta biktima horien memoria eta testuingurua ezagutzeko aukera. Astelehenean jendaurrean aurkeztuko dute liburua, Pinaquy aretoan,19:00etatik aurrera.