Mikel Arlegi: "Normalean ez dira fosilak aurkitzen, eta are gutxiago aurkitu ditugun egoera onean"

Euskalerria Irratia

Nafarroako Abaunzko kobazuloan egindako indusketek aurkikuntza garrantzitsua ekarri dute: 44.000 urte baino gehiagoko gizon neandertal baten eskuko hezurrak aurkitu dituzte, eta haien DNA egoera apartean kontserbatuta dagoela baieztatu dute. Aurkikuntzak neandertalen desagerpenaren inguruko hipotesiak argitzen lagun dezake

Abaunzko kobazuloan barneratu gara gaur. 700 metroko altueran , eta 67 metro egin behar izan ditugu barrura ele formako espazio batera iritsi arte. Bertan, hamar laguneko talde bat ari da lanean. Horietako bat da Mikel Arlegi.  

Indusketa-kanpaina betean daude, lanpetuta, eta atzo eman zuten aurkikuntza garrantzitsu baten berri: 44.000 urte baino gehiago dituzten gizon neandertal baten fosilak topatu dituzte: eskuko hezurrak, metakarpoak, aurkitu dituzte. Fosilen DNA aparteko egoeran kontserbatuta dagoela baieztatu dute, gainera. Hala jakin dute Neandertalen azken populazioetako batean bizi izan zen gizon baten aztarnak direla. 

Homo Sapiensak Europara iritsi zirenean, Neandertalak desagertu egin ziren oso denbora gutxira. Baina zergatia oraindik ez dago garbi, eta Nafarroako kobazuloan egindako aurkikuntzat badauden hainbat hipotesi egiaztatzen lagun dezakela aurreratu du Arlegik. « Baliteke, azkenean, bi espezieak nahastu izana, hibridazioa gertatu izana eta, denborarekin, neandertalen desagerpen genetikoa etorri izana. Orain, hibridaziorik gertatu ote zen azter dezakegu", azaldu du. 

Aurkikuntzaren esperantza bazuten, baina arkeologian, askotan, zoriak ere badu bere lekua.«Gure helburua hori zen, baina ez genuen bereziki neandertalen fosilak aurkitzea espero, oso zaila baita. Beste proiektu batzuetan ere ari gara lanean, eta hona etortzeko helburua 1970eko hamarkadan aurkitutako tresnak aztertzea eta haien testuingurua hobeto ulertzea zen. Espero genuen zerbait aurkitzea, noski, baina loteria moduko bat da: normalean ez dira fosilak aurkitzen, eta are gutxiago aurkitu ditugun egoera onean».

2022an hasi ziren Abaunzko kobazuloan indusketa-lanak egiten. 2023an aurkitu zituzten lehen aztarnak. Orduan bazekiten giza fosilak zirela, baina oraindik ez zekiten zein espezieri zegozkion. Zuhurtziaz jokatu dute ordutik.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!