Bel Pozueta: "Urte hauetan ikasi dudan hori guztia komunitateari itzuliko diot orain"

Euskalerria Irratia

Madrilgo Kongresuan sei urtez aritu ondoren, Bel Pozuetak jakinarazi du ez duela hautagaitza errepikatuko EH Bildurekin. Hala ere, Altsasun inurri-lanean jarraituko duela ziurtatu du. «Ez da bat-bateko erabakia izan, baina orain bertigo handia ematen dit egoera berriak», aitortu du Euskalerria Irratian.

Gorputzak atseden hartzeko eskatu dio Bel Pozuetari, eta hala egingo du altsasuarrak. «Ardura publiko edo instituzionala duen pertsona batek indar handia behar du erronka aurrera eramateko, eta ni indarrik gabe sentitzen naiz», esan du. Erabakia publiko egin ondotik, esker oneko mezu zaparrada jaso du Pozuetak sare sozialetan, eta pozez bete du horrek. «Oso hunkigarria izan da. Poz handia ematen dit horrek, erakusten baitu bide zuzenetik egin dudala nire ibilbidea».

Giro politikoa erabat gaiztotuta dagoela esan du, eta politika «espektakulu» bihurtu dela. Asko ikasi du Madrilgo esperientziarekin: «Itzela izan da. Gai eta arlo ezberdinak eztabaidatu aurretik, asko irakurri eta hausnartu behar da. Orain, ikasi dudan hori guztia komunitateari itzuliko diot». Madrilen lortutakoen artean zertaz dagoen harro ere galdetu diogu: «Eskubideak garatzeko baliagarriak diren legeekin geratzen naiz», esan du.

Gaur egungo polarizazio-egoeraz galdetuta, Pozuetak aurreikusi du hauteskunde-kanpaina «oso gogorra izango dela, gauza oso itsusiak ikusiko ditugu». Vito Quilesen etorreraren inguruan galdetuta, Pozuetak ohartarazi du sinesgaitza dela faxistei kaleak hartzen uztea, herri-mugimenduari, aldiz, indar polizialek trabak jartzen dizkioten bitartean.

Kasualitateetan sinesten ez badu ere, zikloa erabat itxi da hamar urtean. Aste honetan hamar urte bete dira Altsasuko auzia hasi zenetik, eta hura bukatutzat ematen denean, agur esango dio politikari ere Bel Pozuetak. Hain zuzen ere, atxiloketa haien bidegabekeriak bultzatu zuen EH Bilduk egindako proposamenari baiezkoa ematera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!