Administrazioan Euskaraz Taldeak (AET) salatu du Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak ez duela Lanbide Heziketako euskarazko ikasketen eskaintza zabaldu. Aurtengo aurrematrikulazioan ikasleek aukera zuten euskarazko ereduaren aldeko hautua egiteko, eta 800 ikasle baino gehiagok egin zuten bat eskaerarekin. Eskari horien arabera, gutxienez 15 ziklo gehiago eskain zitezkeen euskaraz, baina Departamentuak ez du urratsik egin. Hori dela eta, Nafarroako Arartekoak gomendioa luzatu dio Hezkuntza Departamentuari euskarazko eskaintza zabal dezan.
Gobernua babesten duten alderdiek 2025eko aurrekontu-akordioan adostu zuten Lanbide Heziketako aurrematrikulazioan ikasketak euskaraz egiteko nahia adierazteko laukitxo bat jartzea. Tresna horri esker, 814 ikaslek agertu zuten euskara ikasteko konpromisoa.
Ikasle bakoitzak sei ziklo hautatu behar zituen, lehentasunen arabera sailkatuta. Hala, 15 ziklotan gainditu zen euskarazko taldeak sortzeko behar den gutxieneko ikasle kopurua, euskara lehen aukeratzat hartuta. Beste 71 ziklotan, berriz, euskarazko ikasketak bigarren edo hirugarren aukera gisa hautatu zituzten ikasleek.
Gauzak horrela, Administrazioan Euskaraz Taldeak joan den martxoan eskatu zion Gimeno kontseilariari 15 ziklo horiek euskaraz martxan jartzeko eta gainerako zikloen bideragarritasuna aztertzeko. Kontseilariaren isiltasun administratiboaren aurrean, taldeak Arartekoarengana jo zuen babes eske.
Hezkuntza kontseilariak Arartekoari erantzun zion Merkataritza zikloa euskaraz eskaini zutela eta soilik hiru aurrematrikulazio izan zituela. Nafarroako Arartekoak, ordea, bestelako irakurketa egin du eta Gimenori eskatu dio ikasleen lehentasunei kasu egiteko eta euskarazko eskaintza zabaltzeko. Bien bitartean, AETk departamentuari aurtengo matrikula-datuak eskatu dizkio, baina, iaz bezala, isiltasuna da nagusi: isiltasuna aurtengo datuen aurrean, eta isiltasuna Arartekoaren gomendioaren aurrean ere bai.