1934tik 2007ra autobus, bidaiari eta Iruñeko Udaleko erraldoien babesleku izandako espazioa, ekonomia solidarioaren, elikadura-burujabetzaren eta kultura alternatiboaren Geltoki bihurtu zen 2018an. Orduan bezala, gaur egun ere Nafarroako herritarrei zerbitzua eskaintzen jarraitzen du, eta, horrez gain, ekimen alternatibo zein eraldatzaileen sare zabal baten bozgorailu indartsua da.
Zazpi urteko borroka luzearen ondoren ireki zituen ateak Geltokik, 2018. urtean. “Iruñeko kolektibo batzuek, eraikina hutsik ikusita, espazio hori atondu eta bertan hainbat ekimen abiatzea proposatu zioten Udalari. Proiektua onartu zenean, ordea, UPN iritsi zen udalera eta dena bertan behera geratu zen. Baina 2015eko aldaketa politikoarekin, Geltoki proiektuari forma eman eta martxan jarri genuen”, azaldu digu Katrin Gineak, egitasmoa abiarazi zuen lan-taldeko kideak.
“Hasieratik hiru zutabe nagusi izan ditu proiektuak: ostatua, produktu ekologikoen eta bigarren eskuko objektuen denda, eta kultur jarduerak. Horiek garatzen aritu gara azken urteotan. Kultur programazioa berritu dugu eta trastoteka ere ireki dugu”, adierazi digu Amets Aznarezek, Geltokiko kultur programatzaileak. Proiektuaren bueltan ibili direnekin eta komunitate osoarekin ospatu nahi dute zortzigarren urtebetetze jaia. Urriaren 17an izango da, 12:00etan. “Topa egingo dugu urte hauetan guztietan gure inguruan lanean ibili diren guztiekin”.
Gaur egun ez dago autobusik, maletarik edota bidaiaririk. Baina badira, ordea, menu goxoak, produktu ekologikoak, erakusketak, musika eta bigarren eskuko artikuluak. Geltokiren ibilbide oparoa aztertzeko eta etorkizuneko erronkez aritzeko, Euskalerria Irratiko Bigarren Solairua saioan izan dira Katrin Ginea eta Amets Aznarez.