ITZALPEKO AHOTSAK

Iruñeko neskameak: jazarpena eta erresistentzia sukaldeetan

Euskalerria Irratia

Nafarroako iraganera begiratzean, liburu ofizialetan erregeak, foru-legegileak, apezpikuak eta zaldunak agertu ohi zaizkigu beti. Baina non zeuden emakumeak? Hurrengo saioetan, orrialde horietatik ezabatu dituzten ahots baztertuak ekarriko ditugu argitara. Bidaia honetako gidaria Amaia Nausia Pimoulier historialaria eta NUPeko Historia Modernoko irakaslea, Historian doktorea eta gure herriko emakumeen historian aditua izango da.

XVI. eta XVII. mendeetan Nafarroako Erresuma osoak 150.000 biztanle inguru zituen; eta Iruñea harresituan 8.000 eta 10.000 lagun besterik ez ziren bizi. Hau da, garai hartako Iruñea gaur egungo Antsoain baten parekoa zen tamainan! Baina tamaina txiki hartan, etxeko zerbitzua izugarria zen. Mendeak aurrera egin ahala, hiria neskamez bete zen; XVIII. mende amaierako erroldetan ikusten da Iruñean 1.400 neskame baino gehiago zeudela erregistratuta, eta gizonezko morroiak, berriz, ehun baino gutxiago! Beraz, oso lanbide feminizatua zen hura.

Kontratu formalik ez zegoen; notariorik gabe egiten ziren, ahozko hitzarmen baten bidez. Neskak familiari eta etxekoandreari hitza ematen zion urtebetez zerbitzatzeko: horri esaten zitzaion «asentamendua» («asentarse»). Trukean, nagusiek jatekoa, edatekoa, ohea («comer e beber e vestir e calçar y casa y cama») eta urte amaieran ordaintzeko soldata txiki bat agintzen zieten.
Baina soldata horren zatirik garrantzitsuena ez zen txanponetan ematen: arropa zen! Garai hartan oihalak, gonak, atorra zuriak eta jantziak ondasun oso garestiak eta preziatuak ziren. Neskame asko txiro-txiro iristen ziren hirira, eta urtebeteko soldata arropatan kobratzea ezinbestekoa zuten beren dotea osatzeko. Urtea amaitzean, neskamea etxe hartan gustura ez bazegoen, hitzartutako soldata eta arropak jaso eta beste etxe batera joaten zen zerbitzatzera. Hori zen haien zikloa. Historialariok “bizitza zikloa” deitzen diogu honi, lan-formakuntza, dote-dirua jaso, jatorrizko herrira itzuli ezkontzeko.
Irudikatu behar ditugu Iruñeko kale lokaztu eta estuak neskato gazteez beteta, hara eta hona korrika batetik bestera. Hamabi eta hemezortzi urte bitarteko neskak ziren gehienak, herrietatik edo inguruko lurraldeetatik etorritakoak (Gipuzkoa, Aragoi...), umezurtzak asko. Eta egiten zuten lana ez zen batere goxoa; fisikoki izugarri gogorra zen.

Amaia: Adibidez, Juana de Burguetek salatu zuen bere andreak hiriko errege-lanetara bidaltzen zuela harriak garraiatzera, eta Vespasiano Gonzaga erregeordearen jauregiko arropa zuriak garbitzera («limpiar los paños blancos del palacio del visorrey Vespasiano Gonzaga»)! Neska kexu zen andreak zama gehiegi ezartzen zizkiola («que le daba la dicha su dueña excesivas cargas»).

Eta etxeko lanetan, zein zen lanik gogorrena? Dudarik gabe, arropa garbitzea. Egunero iturritik ura pertzetan igotzea neketsua bazen ere, arropa zikina pilatzen zenean Arga ibaira jaitsi behar izaten zuten. Eta han egiten zen lanik latzena: «roscadak» egitea («hacer roscadas»). Lihozko maindire eta ehun astun haiek garbitu ondoren, bi neskaren artean heldu eta elkarrekin bihurritu behar izaten zituzten indarrez ura kentzeko.

Pentsa zer zen hura: neguan ura izoztuta zegoela eskuak odoletan edukitzea, oihal erraldoiak bihurritu, eta ondoren, arropa busti hori guztia —berunezkoa zirudien pisua— zakuetan edo saskietan hartuta Arga albotik Iruñeko harresietara aldapan gora bizkarrean kargatuta igotzea!

Neskame askorentzat urtea amaitzea eta soldata kobratzea benetako tranpa bihurtzen zen. Tranpa legala zen. Nafarroako Gorteek 1569an lege bat atera zuten: neskame batek urte osoa bete behar zuen zerbitzuan; egun bat lehenago bazihoan, eskubide guztia galtzen zuen. Garai hartan jabetza pribatuaren kontzeptua indartu zen eta jabeen eskubideak babestu ziren. Orduan, zer egiten zuten nagusi askok urtea bukatzear zegoenean? Bi trikimailu zikinez baliatzen ziren: batetik, neskatoa jipoitu eta izutu egiten zuten beldurrez ihes egin zezan («de forma que se vayan e pierdan lo servido»).
Eta bestetik, lapurreta-salaketa faltsuak asmatzen zituzten! Gauza bat galdu zela esan, neskameari leporatu eta kalera botatzen zuten, soldatarik eta hitzartutako arropak eman gabe. Graciana de Ibiricuk oso garbi salatu zuen epailearen aurrean: bere nagusiak dirua galdu zuela asmatu zuela bera etxetik botatzeko eta soldata ez ordaintzeko («ha fingido haber perdido dineros de su arquimesa (mahai berezi bat dirua gordetzeko) por tener ocasión de acusar injustamente […] por echarle de casa y por no pagarle su soldada»)!

Mesfidantza izugarria zen! Nafarroako legeek zioten ez zegoela etxeko lapurra baino okerragorik  («no hai peor ladrón que el casero»). Horregatik, aberatsek kaxoi sekretudun idazmahaiak  («escritorios con secreto») eta giltzekin itxitako kutxak erabiltzen zituzten. Andre askok beren oheko kuxinpean ezkutatzen zituzten giltzak lotara joatean! Baina neskameek trikimailu guztiak zekizkiten: Catalina Villavak, adibidez, nagusia gaixorik eta lo zegoela hartu zizkion giltzak  («le cogió las llaves de la cabecera») kutxa irekitzeko.

Bada, askok justizia beren eskutik hartzen zuten! Nagusiak kalera bota bazituen soldatarik eman gabe, askok atorra bat edo gona bat hartzen zuten berme gisa. Catalina de Ardanazek aitortu zuen bere andreak ezer gabe bota zuelako hartu ziola atorra eta gonatxo zahar bat  («porque la suplicante hasta que le pagase le tomó una camisa y una sayuela vieja»)!

Beste batzuk are ausartagoak ziren eta sarrailagileei «kontragiltzak» eskatzen zizkieten nagusien kutxak irekitzeko. Graciana de Ibiricuk harro esaten zuen:  («con una punta de un cuchillo yo abriré la cerraja») — laban baten muturrarekin irekiko dut sarraila!

Eta beren artean elkartzen al ziren? Ba al zegoen konplizitaterik? Izugarrizko elkartasun-sareak zituzten neskameen eta auzoko emakumeen artean! María de Ausa eta María de Gorraunzena bezalako kasuak ditugu: bi neskek elkarrekin zulatu zuten San Nikolas elizako bikarioaren etxearekin muga egiten zuen horma, ondoko upategian sartu eta ardoa eta gauzak eramateko  («abrieron la bodega las dichas dos mozas ayudándose la una a la otra»)!

Eta lapurtutako diruarekin ez zuten aberastu nahi: lagunekin ospatzen zuten! Graciana de Ibiricu Iruñeko harrapatu zuten zer, bat-batean auzoko beste neskameekin bilduta ikusi zutelako, ardi-hanka errearekin festa ederrean  («almorzado con una pierna de carnero»)! Hori zen haien mendekua eta bizipoza.

Eta arlo pertsonalean, ezkontza-hitzekin ere engainu handiak jasaten zituzten, ezta?

Bai, sexu jazarpen asko sufritu zituzten. Neskameen epaiketen % 17 estuproak ziren. Mutilek -etxeko gizona, jabearen semea edo beste zerbitzari batek- ezkontzeko hitza ematen zieten oheratzeko, eta haurdun geratzean abandonatu egiten zituzten. Martín de Urricelquik, etxeko jabearen semea zena, aitortu zuen bezala: hitza eman ziola «hitzez, baina ez bihotzez»  («de palabra y no de corazón»)! Baina epaitegietara jotzen zuten, dotea erreklamatzen zuten eta beren ahotsa entzunarazten zuten.

Eta zigorrak? Epaileek nola tratatzen zituzten neska hauek?

Paper gainean oso zigor krudelak zeuden: ehun azote, lotsaraztea eta erbestea. Baina errealitatean epaileek zigorrak asko leuntzen zituzten. Are gehiago, Nafarroako Gorteek 1549an Tuteran lege aitzindari bat atera zuten: 14 urtetik beherako adingabeei debekatu egin zitzaien edozein zigor korporal edo azote ematea! Horrek neskato asko babestu zituen.

Laburbilduz: zergatik da hain garrantzitsua historia hau berreskuratzea? Erakusten duelako gure iraganeko emakumeak ez zirela biktima mutu hutsak izan. Iruñeko neskame gazte hauek, muturreko zaurgarritasunaren erdian, sukaldeetan eta ibaiertzetan beren erresistentzia antolatu zuten, elkar zaindu zuten eta beren duintasuna babestu zuten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!