Ikusmen urritasuna duten pertsonei zuzenduriko kirola da Goalballa, eta gurean, goi-mailako talde bat daukagu: Nafarroa Goalball. Aurten bigarrenez aritu da Espainiako Lehen Mailan, eta jaitsiera saihesterik izan ez duen arren, lehen aldian baino lehiakorragoa izan da. Urriaren 3 eta 4ko asteburuan eman zion amaiera denboraldiari, Mediterrani 7 eta 6 menderatuta.
Aurrez, bosgarren izan zen Finlandiako Grand Prix txapelketan, eta bertan, 18 gol egin zituen gure gaurko protagonistak, Aritz Huartek. Bere garaian eskubaloi jokalaria izan zen Huarte, eta azken bost urteetan aurkarien ateak behin eta berriz zulatu ditu Nafarroa Goalball taldearekin. Taldearen garapenaz solastu da, eta aitortu du gustura hartuko lukeela atzerriko talderen batean jokatzeko aukera.