Sarean Euskaraz: zuzeneko irratsaio berezia Baluartetik

Euskalerria Irratia

Milatik gora ikaslek parte hartuko dute urriaren 14tik 16ra, Baluarte jauregian ospatuko den Sarean Euskaraz jardunaldietan. Gure hizkuntzan eskura ditugun sorkuntza eta baliabide digitalak, nafar gazteei ezagutarazteko xedea du Euskarabideak bultzatutako ekimen horrek. 

Euskalerria Irratia Baluarte Jauregian ari da gaur goizean, Kale Nagusiko estudioetatik atera eta Sarean Euskaraz jardunaldien berri zuzenean ematen. Metropoli Forala saio berezia egiten ari da bertatik, euskararen eta mundu digitalaren arteko harremana ardatz hartuta. Saioa zuzenean ikusteaz gain, hainbat gonbidaturen solasaldiak entzuteko aukera ere izanen da.

Euskarabideak antolatutako ekimenak euskarazko kultura digitala eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak ditu oinarri. Hala, gazteek askotariko tresna eta baliabide digitalak ezagutzeko aukera izanen dute jardunaldietan, tailer, hitzaldi eta jarduera interaktiboen bidez. Besteak beste, bideojokoak, aplikazioak, argazkigintza eta musikagintza digitala, errealitate birtuala, sareko pribatutasuna eta sare sozialetako harremanak landuko dituzte.

Gai horien inguruan solastateko, hainbat gonbidatu pasako dira Euskalerria Irratiaren mikrofonoetatik. Teknologia librearen, euskarazko aplikazioen eta proiektu digitalen, bideojokoen, musikaren eta hizkuntza-ohituren inguruan ariko dira, besteak beste. Gazteek eta irakasleek ere beren esperientziak eta iritziak partekatuko dituzte, mundu digitala nola erabiltzen duten eta euskarak bertan zer leku duen azaltzeko.

Saioa goizeko 11:00ak arte ari da egiten Euskalerria Irratia, eta zuzenean jarraitzeko aukera dago euskalerriairratia.eus webgunean eta You Tuben, bideo-streaming bidez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!