Irune Costa (LAB): “Langileen Estatutua bera ere ez da bermatzen ikus-entzunezko teknikarien sektorean”

Euskalerria Irratia

Urriaren 10ean greba egingo dute Nafarroako ikus-entzunezko teknikariek erabat geldituta baitago hitzarmen-kolektiboa lortzeko negoziazio prozesua. Lau elkarretaratze egingo dituzte egunean zehar: 11:00etan Nafarroako Jauregian, 12:00etan Baluarten, 18:30ean Gaiarre antzokian eta 20:00etan, berriro ere, Baluarten.

LAB sindikatuko Irune Costak gogorarazi du bi urte daramatzatela patronalarekin negoziatzen, baina oraindik ez dagoela hitzarmenik mahai gainean. Urtarrilean egin zuten azken bilera, eta sindikatuak egindako azken proposamenak ez du erantzunik jaso. “Patronala desagertu egin da”, salatu du Kostak.

Horrenbestez, grebaren helburua patronalari negoziazioari berriro ekiteko presioa egitea da. Costaren arabera, ikus-entzunezko sektoreko lan-baldintzak oso malguak dira, baina malgutasun horrek langileen kalterako jokatzen du. Besteak beste, langileek aste gutxiko aurrerapenarekin jakiten dute zein egunetan lan egin beharko duten; muntaketa- eta desmuntaketa-lanek lanaldiak asko luzatzen dituzte, eta ez da beti bermatzen 12 orduko atsedenaldia.

Costak hitzarmen bat lortzeko premia azpimarratu du, langileen oinarrizko eskubideak bermatzeko. “Gure egoera prekarioa dela esaten dugunean, Langileen Estatutua bera ere ez dela bermatzen esan nahi dugu”, adierazi du.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!