Urriaren 13an kalera aterako dira Nafarroako baso-suhiltzaileak, urte osoko kontratuak eta prebentzio-lanak aldarrikatzeko. Izan ere, urriaren 12an amaituko zaie kanpainako langile askori kontratua, eta, horren ondorioz, urte osoan egin beharreko prebentzio-lanak eten egingo dira. Mikel Zalba baso-suhiltzailearen esanetan, egoera «erregaia» da, mendietan gero eta landaretza gehiago dagoelako eta sute-arriskua handitzen ari delako.
Udako suteek agerian utzi dute, haren arabera, basoen kudeaketaren inguruan dagoen arazoa. Urzainkiko sutea, esaterako, 38 egunez egon zen kontrolpean eta itzaltzeko lanak zaildu egin zituzten, besteak beste, inguruko irisgarritasun arazoek. Zalbaren ustez, halako egoerei aurre egiteko ezinbestekoa da urte osoan prebentzio-lanak egitea.
Baso-suhiltzaileek salatu dutenez, oraindik ere falta dira sute-arriskuko eremuak identifikatzeko azterketak, eta bereziki Nafarroa Erdialdean prebentzio-plan bat behar da. Horrez gain, soberan dagoen egurra ez dela ateratzen, sarbideak eta ur-puntuak behar bezala mantentzen ez direla eta sastraken garbiketa ez dela behar adina egiten ohartarazi dute.
Lan horiek egin gabe, mendia gero eta «erretegi» arriskutsuagoa bihurtzen ari dela dio Zalbak. Horregatik, Forestalak 365 kolektiboak urte osoko kontratuak eskatu ditu, prebentzioa, basoen mantentzea eta larrialdietarako prestaketa urte osoan zehar egin ahal izateko. Gaur egun, kolektiboaren arabera, plantillaren %70ek lau hilabetez baino ez du lan egiten.
Nafarroako basozainek ere protesta egingo dute urriaren 15ean. Gero eta egoera zailagoa dutela salatu dute azken urteotan beren gain hartu dituztelako eginkizun eta erantzukizun ugari: 112 sisteman parte hartzen dute, desagertutako pertsonen bilaketa lanetan, baso suteen itzaltze lanetan eta ehiza eta arrantzaren kontrolean, Greba egingo dute urriaren 15erako Nafarroako Gobernuak ez diolako erantzun lan baldintzak eguneratzeko beharrari.