Unai Hualde: "Kolokan egon daiteke azken bi legealdietan ezagutu dugun gobernu-forma"

Euskalerria Irratia

Unai Hualdek, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak,  Nafarroak Madrilen «ahots propioa» izan behar duela defendatu du Euskalerria Irratiko estudioetan. Etxebizitzaren eta azken urteetako polarizazio politikoaren inguruan ere hitz egin du Hualdek.

Azken urteotan etxebizitzaren arloan neurri eta politika ugari jarri direla martxan azaldu du Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak. Haren ustez, etxebizitza «pil-pilean» dagoen gaia da, eta arreta berezia behar du landa eremuetan ere, bertan etxebizitza eskasia eta prezioen inguruko arazoak nabarmenak baitira. Hala ere, neurriak hartzerakoan oreka bilatu behar dela defendatu du. Politika aurrerakoiak beharrezkoak direla uste badu ere, jabe txikiak «gehiegi zigortu» behar ez direla azpimarratu du

Bestalde, azken urteotan bizi izan den polarizazio politikoa kritikatu du. «Dena blokeen logikarekin» nahastea ez du gustuko, eta, haren ustez, Nafarroaren interesak defendatzeko ikuspegia berreskuratu behar da. Horren harira, hauteskunde orokorren atarian Madrilen Nafarroak «ahots propioa» izatea garrantzitsua dela defendatu du, eta baieztatu du Geroa Baik zerrenda aurkeztuko duela.

Azkenik, Nafarroan azken bi legealdietan ezagutu den gobernu-formaren etorkizunari buruz ere mintzatu da. Haren ustez, «kolokan» egon daiteke orain arteko eredua. Arriskuak ikusten ditu alderdi sozialistaren jarreran, eta ez baitu beti ikusi Nafarroaren defentsa behar bezala egin denik eta gogora ekarri du 2015ean Alderdi Sozialistak izan zuen jarrera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!