Sexualitatea testuinguru batean bizi dugu. Espazioa, lasaitasuna, pribatutasuna eta segurtasuna behar ditugu gure intimitatea nahi dugun moduan bizitzeko. Eta gaur egun pertsona askok ez dituzte baldintza horiek.
Gazte askok gurasoen etxean jarraitzen dute, ezin dutelako etxebizitza bat alokatu edo erosi. Beste askok pisua partekatzen dute. Horrek egoera oso konkretuak sortzen ditu: norbait ezagutzen duzu, berarekin egon nahi duzu, baina ez daukazu nora joan. Bikotekidea duzu, baina biak gurasoen etxean bizi zarete. Edo pisukideekin bizi zara eta zure logela da daukazun espazio pribatu bakarra.
Eta hor agertzen da galdera: non bizi dugu gure intimitatea espazio propiorik ez badugu?
Pribatutasun faltak gure jokabidea baldintzatzen du. Etxean nor dagoen pentsatu behar dugu, zein ordutan iritsiko den, ea norbaitek entzungo gaituen, ea norbait etxera eramatea posible den... Azken finean intimitatea eta erotika antolatu egin behar delako.
Eta horrek espontaneotasuna galtzea ekar dezake. Desira agertzen denean, ez dago beti desira hori bizitzeko aukerarik.
Gainera, egoera hau adin guztietan aurkitzen dugu. Banandu ondoren gurasoen etxera itzultzen diren pertsonak daude. Seme-alaba helduekin bizi direnak. Etxebizitza partekatzen duten 40, 50 edo 60 urteko pertsonak. Adinak ez duelako desira desagerrarazten. Etxebizitza bat edukitzeko zailtasunak dira, beste hainbat gauzen artean, desira desagerrarazten duena.
Eta azken asteetan Mari Carmenen kasuak beste errealitate bat jarri du mahai gainean, eta kasu horrek galdera bat uzten digu: zer esan nahi du etxea galtzeak?
Etxea ez dira lau horma. Etxean eraikitzen dugu gure egunerokoa. Han daude gure objektuak, oroitzapenak, ohiturak eta auzoarekiko harremanak. Han bizi dugu gure intimitatea eta erotika. Han aukeratzen dugu norekin egon, noiz egon bakarrik eta adibidez atea noiz itxi.
Etxea galtzeko arriskuan zaudenean, segurtasun hori guztia kolokan jartzen da. Eta Mari Carmenen kasua urruti gertatu dela pentsa genezake, Madrilen. Baina datuei begiratzen badiegu, hemen ere badugu zertaz hitz egin.
2025ean, Nafarroa osoan 167 kaleratze egin ziren, eta 135 alokairuarekin lotutakoak izan ziren. Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, 974 kaleratze egin ziren.
Logelen alokairuan ere arazo handia dago: erregulazio faltak eta hutsune legalek espekulaziorako aukera ematen dute, prezio oso altuekin eta segurtasun gutxirekin. Egoera horrek bereziki eragiten die pertsona migratzaileei, etxebizitza eskuratzeko oztopo gehiago dituztenean eta logela bat alokatzea aukera bakarrenetako bat bihurtzen denean. Eta noski, bat-batean familia oso bat logela batean bizitzen aurkitzen da.
Beraz, etxebizitzaren segurtasunaz ari garenean, oso gertuko zerbaitez ari gara. Etxea galtzeko beldurrak estresa sortzen du. Alokairua ordaindu ahal izango duzun ez jakiteak ere bai. Kontratua berrituko dizuten ez jakiteak. Hilabete gutxi barru non biziko zaren ez jakiteak…
Eta gertaera hauek gorputzean eragiten dute. Desira, plazera eta intimitatea ez dira botoi baten bidez pizten eta itzaltzen. Lasaitasunak, segurtasunak, autoestimuak, egoera ekonomikoak eta gure inguruneak eragina dute.
Horregatik, zer baldintza behar ditugu gure sexualitatea gustura eta askatasunez bizitzeko?
Harremanei begiratuta ere gauza interesgarriak gertatzen dira. Bikote batek elkarrekin bizitzea erabaki dezake harremanean urrats hori eman nahi duelako. Baina gaur egungo etxebizitzen prezioekin, erabaki ekonomikoa ere izan daiteke. Bi alokairu ordaindu beharrean, bat ordaintzea. Horrek harreman baten erritmoa azkartu dezake. Agian oraindik elkarrekin bizitzeko momentua ez zen iritsi, baina ekonomikoki aukera bideragarriena da.
Beste egoera bat ere badago: harreman bat amaitu da, baina bi pertsonek etxe berean jarraitzen dute, ezin dutelako bi etxebizitza ordaindu. Eta pentsa dezagun zer esan nahi duen horrek sexualitatearentzat.
Nola egiten duzu dolua harremana amaitu denean baina pertsona horrekin bizitzen jarraitzen baduzu? Nola hasten duzu beste harreman bat? Nola ekartzen duzu beste pertsona bat etxera? Non jartzen dituzu mugak? Non geratzen da zure espazio pertsonala?
Hor ikusten dugu oso argi etxebizitzaren egoerak gure harremanen erritmoa, eta ez soilik harremanena, geure gorputza, gure sexualitatea, baldintzatzen dituela. Besarkatzea, musukatzea, etxean biluzik egotea, masturbatzea, norbaitekin lo egitea, bikotekidearekin hitz egitea, gure gorputza esploratzea, bakarrik egotea...
Horretarako espazioa behar dugu. Pribatutasuna behar dugu. Segurtasuna behar dugu. Eta etxean lasai egoteko aukera behar dugu. Horregatik, etxebizitzaren egoeraz hitz egitean, interesgarria da prezioetatik harago begiratzea.
- Zer gertatzen da pertsona baten bizitzarekin ezin duenean emantzipatu?
- Zer gertatzen da bikote batekin banandu nahi duenean baina ezin duenean beste etxe bat ordaindu?
- Zer gertatzen da 50 urterekin gurasoen etxera itzuli behar duenean?
- Zer gertatzen da 87 urterekin hamarkadetan zure etxea izan den lekutik alde egin behar duzunean?
- Eta zer gertatzen da kontratua amaitzen zaizulako urte batzuk barru non biziko zaren ez dakizunean?